Dromedarioen ordezkoak

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 17a

1976ko urtarrilean merkaturatu zuten W123 modeloa, eta Saharan bederen gaurdaino iritsi da. Argazkia: © GUSTAVO BRAVO

Gasteizko FTG galeriak Gustavo Bravoren 'Donde mueren los Mercedes' erakusketa inauguratu du, basamortuan barra-barra zabalduta dauden auto horien bitartez sahararren egoeraren berri emateko.

Hilaren 16tik aurrera Gasteizko Gorbeia kaleko 41. atarian dagoen FTG galerian Donde mueren los Mercedes izeneko erakusketa ikusgai dago. Basamortuko haima baten modura atondu dute erakusketa aretoa, Saharako errefuxiatuak hartzen dituen Tindufeko kanpalekuetako bizitzaren adibide bat gurera ekarri nahian.

2025eko abenduan Gustavo Bravo argazkilariak eta Sandra Remon kazetariak AFANIS elkartearekin Aljerian dauden saharar errefuxiatuen kanpalekuetara egindako bidaia batean abiatu zen orain ikusgai den argazkilaritza proiektua. Oporrak bakean programarekin bat eginda, urtero hartzen duten neska sahararraren familia bisitatzeaz gain, bertako errealitate gordina lehen eskutik bizitzeko aukera izan zuten. Bidaia horretan jabetu zen Bravo Tindufeko kanpalekuetan bukatzen zutela Mercedes markako auto ugarik. Hala, Mercedes horiek direla eta, "hiltzen eta behin betiko berpizten diren tokia" bihurtu da Aljeriako basamortua, erakusketaren antolatzaileen hitzetan.

Sahara, Gasteizera ekarria

Inaugurazioan aretoaren zorua alfonbra tradizionalez bete dute, eta Saharako tearen errituala zein henna pintaketa eskaini dituzte, sahararren abegikortasuna Gasteizera ekarri nahian. Kalean, gainera, erakusketan azaltzen diren Mercedes horietako bat paratu dute, bai eta beste bitxitasun bat ere. SH (Sahara) jatorrizko matrikula erakusten duen Kakalardo Volkswagen bat. Patxi Garcia gasteiztarrarena Espainian matrikula horrekin geratzen diren bi autoetako bat da. Kolonizazioaren garaian, Sahara Espainiako 53. probintzia zeneko oroimen bakarrenetako bat, hain zuzen.

Basamortuko lur idorretan ezinbestekoak bihurtu dira Mercedes zaharrak. Argazkia: © GUSTAVO BRAVO

Sahararren errealitatea

Erakusketan, Remonen testuek azaltzen dute Bravoren argazkien atzean dagoen testuingurua. Testu horietan kazetariak azaltzen duenez, duela 50 urte aldi berean gertatu ziren bi gertakari daude honen guztiaren mamiaren oinarrian: 1975ean Marokok Mendebaldeko Sahara okupatzeari ekin zion, eta saharar zibilek Aljeriak laga zizkien Tinfudeko lur idorretan hartu behar izan zuten aterpe. 1976an, berriz, Mercedes-Benzek W123 autoa merkaturatu zuen, eta gero hura ordezkatuko zuen W124  modeloa atera zuen.

Auto hauek duten esekidura berezia guztiz lagungarria da basamortu harritsuan ibiltzeko

Muturreko baldintza klimatikoak direla, eta mugikortasun fidagarria funtsezkoa den eremu batean, diesel auto zahar eta gogor hauek funtsezko elementu bilakatu dira sahararrentzat. Gehienbat Espainiatik, Alemaniatik eta Frantziatik eskuratu dituzte, 3.000 euro inguruko salneurri batean. Basamortuan taxiarena, zama garraioarena eta familia ibilgailuena egiten dute auto hauek. Horretan, arras lagungarria da Mercedes hauen egitura mekanikoa: basamortuan ohikoak diren lurraren ondulazioek berehala kaltetzen dituzte auto gehienen txasisak, baina W123ren berezko esekidura independentea aise moldatu eta gailentzen da horrelako arazoen aurrean. Zentzu horretan, guztiz lagungarria da ere erabat analogikoa den Boschen injekzio mekanikoa, horrek bermatzen duelako hautsez betetako sentsore batek motorra ez geldiaraztea. "Hamadan [basamortu harritsuan], txipen eta elektronikaren eskasia ez da atzerapen bat, bizitza aseguru bat baizik", dio Remonek.

Dromedarioaren ordezkoa

Europan hub eta center distiratsuetan ekonomia zirkularrari buruz sarri Power Point bidez teorizatzen den honetan, sahararrek hamarkadak daramatzate ekonomia mota hori lantzen, beharrak bultzatuta. Hala, Mercedes horietako bat behin betiko puskatu eta ibiltzeko moduan geratzen ez denean, modu sistematikoan zatitu eta piezak beste ibilgailuetakoak ordezkatzeko erabiltzen dituzte. Hori dela eta, eta horren efizienteak izanda, "basamortuko errege izan ohi den dromedarioa ere elikadura erreserba gisa eta prestigiozko elementu gisa geratu da". 

Remonek argi utzi nahi izan du erakusketako irudiak "dokumentu politiko bat" ere badirela. "Auto hauek gehienek SEAD Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren Garraio Ministerioak emandako matrikula horiak daramatzate, SH siglak dituztenak. Erbestean dagoen subiranotasun baten eguneroko sinbolo dira", azaldu du kazetariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago