Barne antolaketa aldatzen hasi da aldundia

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 15a

Lanpostu motak sinplifikatzen ari da aldundia. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Lanpostuak sinplifikatzeko prozesuaren barruan, Enplegu eta Turismo Sailean 23 lanpostu mota izatetik bost izatera pasa dira.

Arabako Foru Aldundia bere barne egitura berrantolatzen hasi da, antolaketa sinplifikatu eta "eraginkorragoa" bihurtzeko helburuarekin. EH Bilduk egindako galdera bati emandako erantzunean, aldundiak esan du azken hilabeteetan zenbait sailetan aldaketak egiten ari dela, eta etorkizunean ere lanpostuen egitura "sinplifikatzeko eta arrazionalizatzeko" neurriak zabaltzen jarraituko duela.

Erantzunean, Foru Administrazioko diputatu Cristina Gonzalezek esan du "ulertu beharrekoa" dela oraindik ezin dela "ondoriorik atera herritarrei eskainitako zerbitzuan zuzenean duen eraginari buruz". Dioenez, hori lortzeko "lehen urratsak baino ez dira egin".

Aldundiaren arabera, orain arte Nekazaritza, Ogasun eta Mugikortasun sailetan lan egin dute bertako aldaketak prestatzeko. Aldi berean, Enplegu, Merkataritza, Turismo eta Foru Administrazioaren Sailean abiatutako berrantolaketa eredua beste arlo batzuetara hedatzen hasi dira. Gonzalezek esan duenez, orain arteko aldaketarik esanguratsuenetako bat lanpostu moten kopurua murriztea izan da. Gonzalezek kudeatutako sailaren kasuan, 23 lanpostu mota izatetik bost izatera pasa dira. Aldundiaren esanetan, horrek eragin du lan kargak "modu bidezkoagoan" banatu direla, eta, horrez gain, "ezagutzaren eta esperientziaren trukea arinagoa" izan dela. 

Aipatu duenez, martxoan Kultura eta Kirol Saileko Idazkaritza Teknikoko hiru administrari lanpostuak bateratu dituzte, eta uztail honetan mantentze lanetako langile batzuk berrantolatu dituzte ere, aurretik bereizita zeuden bi lanpostu mota bakar batean batuz.

Hala ere, foru erakundeak onartu du oraindik goiz dela neurri horiek herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuan izan duten eragina neurtzeko. Azaldu duenez, orain arte emandako urratsak lanpostuen egitura berrantolatzera mugatu dira, eta etorkizunean kalitatearen kudeaketarekin lotutako beste neurri batzuk ezarri beharko dira emaitza zehatzak baloratu ahal izateko.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago