Eguzkia "lagun" zeharkatu dute Euskarabenturako gazteek Araba. Egunotako bero handia dela eta, ordutegiak moldatu eta goizago abiatu behar izan badira ere, "gogoko lekuan aldaparik ez" dela azaldu dute koordinatzaileek.
Atharratze, Maule, Pagola, Larzabale, Donibane Garazi, Baigorri, Iruñea, Irurtzun, Olazti eta Arbizu atzean utzita, Euskarabentura uztailaren 11n heldu zen Agurainera. Espedizioaren egunkarian irakurri daiteke: "Araban sartuta eguzkia izan dugu bidelagun. Leze leizean besterik ez dugu itzalik aurkitu. Nola aldatu den paisaia; berdetik horira. Pausoka eta pazientziaz, ordea, heldu gara Agurainera, juxtu dutxa eta bazkaltzeko", idatzi dute gazteek.
Merezitako atsedenaldiaren ostean, Andra Mari elizaren kanpoaldeko zuhaitz eta harri freskoan bildu ziren eta Edurne Azkarate aktorearen bisita izan zuten. Arabarra eta euskalduna izatearen gainean aritu zen nagusiki Azkarate, berak idatzitakoak irakurtzen eta jzioquitarrekin solasaldian. "Izan da malkoari eutsi dionik, emozionatuta. Ederki merezitako txalo zaparrada luzea eskaini diote gazteek", jaso dute barruko egunkarian.
Errekaleorren bisitan
Gasteizko Armentia ikastolan iratzarri zen espedizioa uztailaren 13an. Errekaleor auzo askera txangoa egin zuten gazteek bertatik bertara proiektua ezagutzeko. Gero, Gasteizen trenera igo eta Araian jaitsi ziren euskararen espedizioaren kideak, azken kilometroak oinez egiteko.Arabako azken eguna izanik, aurreko urteetako jzioquitarren bisita izan zuten arratsaldean eta haien bizipenetatik Arabako txoko ezberdinetako euskararen egoeraren berri jaso zuten.
Gainera, Garazi Egiguren dantzariaren eta Ines Osinaga musikariaren bisita izan zuten. Sorkuntzaz aritu ziren, haien sorkuntza prozesuaz eta nola gurutzatu ziren beraien bideak, eta elkarrekin eraikitako proiektuaz. Afalostean, berriz, Oihana Barrena aizkolariaren bisita ere izan zuen espedizioak. Lagun arteko elkarrizketan aizkolaritza, abeltzaintza zein Fermin Muguruzaren gira izan zuten mintzagai.
Gaur Arabako landa zabalak atzean utzi, eta Zerainera abiatu dira Euskarabenturako espediziokideak, Donostiara bidean. Kamiseta laranjak soinean, Euskal Herria zeharkatuko dute uztailaren 31n Getxon amaitzeko.
Zortzigarren edizioa
Euskarabenturak bere sorreratik izan du xede gazteen euskararen erabileran eragitea. Horretarako jaio zen 2018an Euskarabentura, eta helburu berarekin ekin dio bideari zortzigarrenekoz Zuberoan: gazte euskaldunen sarea handitzeko eta trinkotzeko.
Zortzigarren edizio honetan Euskal Herriko zein diasporako 130 jzioquitar parte hartzen ari dira. Ataun, Azkaine, Berroeta, Etxebarre, Iruñea, Izpura, Laudio, Ortuella, Oion, Sestao, Usurbil…. Euskal Herriko hainbat txokotako gazteak batu dira, baita Sant Cugat del Valles, Herrialde Katalanetako kideak ere. Guztira, 31 etapa osatuko dituzte abentura honetan, 783 kilometro orotara, horietatik 483 oinez.