Bizikidetza aldarrikatu du Gasteizek Miguel Angel Blancoren hilketaren 29. urteurrenean

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 14a

Miguel Angel Blancoren lorategian omenaldia egin dute Gasteizko Udaleko ordezkariek. Argazkia: GASTEIZKO UDALA

Gasteizko alkateak "bakearen defentsan batu gintuzten balioei buruz hausnartzeko" eskatu du.

Gasteizko Udalak ekitaldi instituzional bat egin du indarkeriaren biktimen oroimenez, Miguel Angel Blanco Ermuko zinegotziaren hilketaren 29. urteurrenean. Omenaldia Forondako Ateko monolitoan izan da, Maider Etxebarria alkatea buru zela, eta bertan elkartu dira erakundeetako ordezkariak zein biktimen elkarteak.

Hitzaldian, Gasteizko alkateak "bakearen defentsan batu gintuzten balioei buruz hausnartzeko" eskatu du. Bere adierazpenetan gogoratu du "indarkeria terrorista demokraten batasunari esker" garaitu zela, eta edozein fanatismo motari "alderdikeriazko tentaziorik gabe" aurre egiteko deia egin du, ETA garaitzea ahalbidetu zuen batasun berari helduta. Horrez gain, polarizazioaren arriskuez ohartarazi eta diskurtso erradikalak gainditzeko beharra nabarmendu du, bizikidetza, gizatasuna eta errespetua aldarrikatuz.

Biktimen memoria zaintzeko Udalak egiten duen lana ere nabarmendu du. Adibide gisa, legealdi honetan ETAk hildako pertsonen oroigarrizko plakak berritzeko egindako ahalegina aipatu du. "Izan ere, plaka berri guztiek berariaz jasotzen dute biktimak talde terroristak erail zituela", azaldu du alkateak. Ekitaldia amaitutakoan, Miguel Angel Blancoren lorategietara joan dira alkatea eta gainontzeko ordezkariak, eta lore eskaintza egin dute han.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago