Bide nahasiaren ondoren onartu dute kontzejuen foru araua

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko uztailaren 13a

Uztailaren 10ean onartu dute foru arau berria. Argazkia: BBNN

EH Bildurekin egindako akordioa baztertu ondoren, PPrekin adostu du gobernuak Arabako kontzejuen foru araua, eta gehiengo zabalarekin aurrera atera da. Duela 30 urtetik berritu gabe zegoen.

Bide malkartsua egin  du gaurtik aurrera Arabako kontzejuen funtzionamendua zuzenduko duen arauak. Arabako Batzar Nagusietan gehiengo zabalarekin onartu dute EAJ, PSE-EE, PP, Elkarrekin Araba eta Mistoa-Vox taldeen aldeko botoekin eta EH Bildu taldearen kontrako botoarekin.

Testu berriak 1995ko kontzejuen barne funtzionamendua eta 1984ko kontzejuen ordezkariak hautatzeko erregelamendua bateratu ditu eta egungo errealitatera egokitu ditu. Besteak beste, arau berriak zentsura mozioa aurkezteko, eztabaidatzeko eta bozkatzeko prozedura arautzen du; fede emailearen figura zehazki arautzen da; eta Gobernu Ona Behatzeko Organoa sortzen du.

Gainera, gardentasun neurri berriak, ondasunen gaineko kontrol handiagoa, aprobetxamenduen baldintzen aldaketa eta kontzejuen funtzionamenduaren arauketa askoz zehatzagoa ezartzen ditu.

EH Bildurekin hasieran, PPrekin gero

Emaitza, hala ere, ez da hasieran aurreikusi zitekeena. Izan ere,  2023ko abenduan osatu zuten Arabako Batzar Nagusiek kontzejuen araudia erreformatzeko prozesua eta horretarako ponentzia sortu zuten. Kontzejuetako hainbat ordezkari eta beste eragile politikoak eta sozialak gonbidatu zituzten horretan parte hartzera, eta hilabete luzeko lanaren ostean arau berri bat hitzartu zuten EAJk, PSE-EEk eta EH Bilduk 2025ean.

Alta, denbora aurrera joaten zela ikusirik eta foru gobernuak adostutakoa aurrera eramaten ez zuela iritzita, aurtengo apirilean, EH Bilduk erabaki zuen adostutako proposamena aurkeztea Batzar Nagusietan, eta modu horretan onarpena behartzea. "Ez da EH Bilduk aurkeztuko zukeen araua, hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren adostu dugun araua baizik", argitu zuen orduan koalizioak.

EAJren eta PSEren foru gobernuak, ordea, ez zuen begi onez ikusi EH Bilduren mugimendua eta "hauteskunde interesekin" egitea leporatu zioten koalizioari. Azkenean, araua PPrekin adostea erabaki zuen foru gobernuak.

"Adostasun zabala"

Diputatu nagusiak nabarmendu du arauak gehiengo zabala izan duela eta "edukia aberasten eta akordioaren parte izaten lagundu nahi izan dutenen parte hartzea" izan duela. Ildo horretan, deitoratu egin du EH Bilduk "adostasunetik at geratzea" eta arauaren aurka bozkatzea erabaki izana, "bere garaian lortutako akordiotik alde bakarretik aldendu ostean", esan du.

Ramiro Gonzalezek azpimarratu du garrantzitsua dela arau hau onartzea, kontzejuak hobeto gobernatzeko eta bertako herritarren beharrei erantzun egokiagoa emateko: "arau berriak kontzejuen gobernantza eta bertan bizi direnen bizitza hobetzen lagunduko du", esan du.

Aldaketa "larria"

EH Bilduk, aldiz, ohartarazi du EAJren, PSEren eta PPren arteko aliantzak ez duela egungo araua "inolaz ere" hobetuko, eta kontzejuak beren kabuz administratzeko gaitasunik ez duten "erakunde adingabe" gisa tratatzea ahalbidetuko duela. 

Gainera, Javier Argote EH Bilduko batzarkideak salatu du Arabako kontzejuen "kontrol politikoari atea irekitzen dion aldaketa" sartu dutela. "Orain badakigu zergatik foru gobernuak uko egiten zion tramitazioari: kontzejuen funtsa aldatu nahi zuen eta bateraezintasunen erregimena malgutu".

EH Bilduk uste du aldaketa "oso larria" egin dela, eta kontzejuentzat kapitulu ilunago bat zabaltzen duela. "Argi geratu da EAJ-PP-PSE blokearentzat kontzejuak osagarri hutsak direla, exotikoa, Arabako folklorea".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago