Gasteizko batailan murgildu dira ASAFESko kideak

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 10a

"Balio handiko keinutzat" jo dute ekimena. Argazkia: ARTURO MARTINEZ / GUIARTU

Kirola, natura eta kulturaren bitartez buruko gaitzak dituztenek errutinarekin apurtzeko "aukera paregabea" dela nabarmendu du elkarteak.

ASAFES Osasun Mentaleko arazoak dituzten Pertsonen eta Senideen Arabako Elkarteko hainbat kidek Gasteizko Batailaren zikloturismo ibilbidearen zati bat egin dute gaur, Basquetur Turismoaren Euskal Agentziaren eta Guiartu enpresaren kolaborazioarekin.

Elkarteak ohar batean nabarmendu duenez, hau bezalako ekimenak "aukera paregabea" ematen die bere kideei kirolaren, naturaren eta kulturaren bitartez "errutinarekin apurtzeko". Horregatik, Basquetourren zein Guiarturen kolaborazioa eskertu dute. "Gure erabiltzaileentzat, mota honetako gonbidapen bat balio handiko keinua da. Zentroan egin ohi ditugun jardueren errutinarekin apurtzeko aukera ematen digu, osasun fisikoa, ongizate emozionala eta gure lurraldeko kultura eta turismo baliabideetan inklusio osoa sustatuz", nabarmendu du Argibide Eguneko Zentroak.

Guiartuko gidari Arturo Martinez arduratu da ibilbidearen zati hau egokitzeaz. Elkarteak gogora ekarri duenez, jatorrizko ibilbideak 84 kilometro bidaia proposatzen du, 1813ko batailaren hamar interesgunetan arreta jarriz. Elkartearen 50. urteurrena ospatzeko egiten ari diren ekimenetako bat da gaur egin dutena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago