Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak sustatzen duten Larrialdietarako Arabako Funtsak 50.000 euroko laguntza bideratu du ekainaren 24an Venezuela astindu zuten lurrikarek sortutako behar humanitarioetan laguntza emateko. Venezuelako UNICEF bitartez kudeatuko da laguntza hori, EAEko UNICEF Batzordearen bidez
Gasteizko Udalak zabaldu duen ohar baten arabera, "eremu kaltetuenetan oinarrizko ur, saneamendu eta higiene zerbitzuak eskuratzea" bermatzera bidatuko dute diru laguntza hori. Gogora ekarri dute lehen kalkuluen arabera 6,76 milioi pertsona inguru daudela kaltetuta, eta 1,8 lagun inguru premiazko laguntza beharrean daudela.
Palestinarako laguntza, berrituta
Bestetik, ALEAk jakin duenez, Nazio Batuetako UNRWA agentziarekin 2026-2027 aldirako hitzarmena berritu dute EAEko hiru aldundiek. Aurten Araba izango da hitzarmen horretan diru gehien emango duena, 85.000 euroko diru laguntza zuzena emango diolako —2027rako beste 85.000 euro aurreikusi dituzte, eta 40.000 2028an—. Hitzarmenean jasotzen denez, diruz lagundu daitezkeen ekintzatzat hartuko dira "palestinarren beharrak asetzera" edota "giza eskubideak benetan gauzatzera" bideratuta daudenak; modu berean, diruz lagundu duten ekintza multzo horretan berariaz aipatu dute palestinarren "determinazio askerako eskubidea".
Aldundiak hitzarmenean xehatutakoaren arabera, UNRWAk proposatutako ekintzek berariaz "genero berdintasunari eta emakumeen, neskatoen eta nerabeen ahalduntzeari heldu beharko diete". Zehaztu dute ere UNRWA Euskadi arduratuko
dela proiektua gauzatzeaz eta "behar bezala justifikatzeaz, alde batera utzita proiektua partzialki tokiko bazkideek egin duten edo azpikontratazioaren bidez gauzatu den".