Martxoaren 3ko sarraskia presente egongo da Gasteizko jaietan

Anakoz Amenabar 2026ko uztailaren 3a

Martxoak 3 elkarteak eta blusa kuadrillek agerraldia egin dute gaur San Migel balkoian. Argazkia: MARTXOAK 3

Martxoak 3 elkarteak eta blusek omenaldia deitu dute abuztuaren 6rako Katedral Berriaren aurrean, eta jaietan zapi beltza janzteko deia egin diete herritarrei.

Martxoaren 3ko sarraskitik mende erdi bete denean, memoriak tarte nabarmena izango du aurtengo Gasteizko jaietan. Duela 50 urte, hiriak bizi zuen dolu eta salaketa egoera zela eta, blusen kuadrillek jaietan ez irtetea erabaki zuten, eta Jose Luis Isasik, garaiko Zeledonek, plaza zeharkatzeari uko egin zion. Aurten, tradizio horri jarraipena emateko, Martxoak 3 elkarteak, Blusen eta Nesken Batzordearekin zein Blusen Elkarteen Federazioarekin batera, omenaldi berezi bat antolatu du abuztuaren 6rako, 19:00etan, Katedral Berriaren aurrean.

Ekitaldirako aukeratutako data ez da kasualitatea izan, azaldu dutenez, egun horretan beteko baitira 50 urte Carabanchelgo espetxetik atera ziren azken presoak Gasteizera iritsi zirenetik. 1976ko abuztuaren 6 hartan, Gasteizko herriak harrera beroa egin zien askatutako herrikideei, baina Poliziak kargekin erantzun zuen. "Festa haietan blusak jantzirik atera ez arren, batzuek diote, dolu seinale gisa, zapi eta krespoi beltzak eraman zituztela. Ideia hori gure egunetara ekarri nahi izan dugu, eta Gasteizko gizarte osoa animatu nahi dugu jaietan zapi beltza eramatera, baina, batez ere, abuztuaren 6ko ekitaldira berarekin joatea ", azaldu du Martxoak 3 elkarteko kide Nerea Martinezek.

Zapi berezi hauek salgai egongo dira jada hiriko hainbat txokotan, hala nola Parral, Sierra, Garraxi, Txapelarri eta Rey Luis tabernetan. Horrez gain, abuztuaren 1ean eta 3an ere eskuratu ahal izango dira, Blusa Federazioaren eta Batzordearen pankarten aurkezpen ekitaldietan. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago