"Etxean esaten zidaten gripe batek akabatu zuela aitona"

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 6a

Hamahiru urte zituela jakin zuen Eduardo Uribek bere aitona La Pilastran fusilatu zutela. Argazkia: LA PILASTRA

1936an Eltziegon eraildako lagunak omendu ditu Araban memoria eta kultura demokratikoa aldarrikatuko duen la Pilastra elkarte berriak.

Hainbat hilabetez prestaketa lanetan ibili ondoren, ekainaren 14an La Pilastra Memoria eta Kultura Demokratikoa elkartearen aurkezpen publikoa egin zuten Eltziegon, 1936ko Estatu kolpearen ondoren herrian hil zituzten herritarrak gogoan. Egun horretan zabaldu zuen ohar batean, elkarte berriak "duintasuna ereiteko" deia egin zuen, "gorrotoaren, autoritarismoaren hutsaltzearen eta indarkeria justifikatzen duten diskurtsoen aurrean". Eduardo Uribe (Eltziego, 1952) elkartearen presidenteak La Pilastraren nondik norakoak azaldu ditu.

Zergatik sortu duzue La Pilastra elkartea?

Iaz Eltziegon eraildako lagunei egin zitzaien omenaldiaren ostean, aurten kontua zabaldu nahi izan dugu, Memoria Demokratikoaren legean oinarrituta, herrian memoria gune bat eratzeko. 1979an Zanbranara joan ginen hilerritik gorpuzkiak ateratzera, baina ga rai horretan ez zegoen DNA probarik. Memorian geneukan hutsune hori ase egiteko geneukan modua izan da irabazi asmorik gabeko elkarte hau sortzea. La Pilastra deitzen da, Zanbranako eremu horretan lagun asko hil zituztelako. Epaiketarik gabe fu silatu zituzten, kamioian eraman zituztenean epaituko zituztela esan zieten arren. Ondoren, herriko jendeak gorpuak identifika tu zituen, horiek kamioneta batean sartu eta Zanbranako hilerrira eraman zituzten.

"Ehorzleak ez zigun esan nahi non zeuden hilobiratuta, baina esertzean erakutsi zigun"

Zer gertatu zen Eltziegon 1936an pertsona horiekin?

Lagun horiek errepublikazaleak ziren, baina, batez ere, nekazariak ziren. Gehienak alderdi sozialistan, UGT edo CNTn zeuden, azken bi horiek zirelako orduan zeuden sindikatu biziak. Hilketen aurre tik, beldurrak eta esamesak egon ziren herrian, aurretik egon zela ko jendea paretaren kontra eraman zutena. Udaletxera deitu zituzten, ustez mahastien inguruko bilera bat egiteko, baina jada ez ziren handik atera. Nire amonak esaten zidan udaletxera joan zela aitonaren berokia eramatera, eta erantzun zioten ez zuela beharko. Neurri handi batean, hortik dator elkartea. Memoria demokratikoaren legeak dio udalek aukerak eman behar dituztela memoria guneak sortzeko. Eta aurten dagoeneko memoria leku bat sortu dugu, olibondo bat landatu du gulako.

Nola oroitzen duzu 1979ko egun hori?

Familiok Zanbranara joan ginen, gure senideen gorpuzkiak hilerritik ateratzeko. Bertan geundela, kalez jantzitako guardia zibilak azaldu ziren, eta nik haiengana jo nuen, ea hor zergatik zeuden galdetzera. Erantzun zidaten helburu bakarra zela gu inork ez molestatzea, eta ezer ez gertatzea. Aintzat hartu behar da une horretan udala Aliantza Popularren esku zegoela. Ehorzlea bera hor zegoen, eta hasieran ez zigun hilobiratzearen toki zehatza esan nahi. Baina, azkenean, zeharka bada ere, tokia erakutsi zigun. "Ni esertzen naizen lekuan ehortzita daude", esan zigun. Eta egia izan zen. Lurpetik atera ostean, konbikzio piezen proba egin genuen: agertu ziren objektu guztiak ikus gai utzi genituen. Pertsonalki, koadro urdin eta zuriak zituen alkandora zati baten oroimena daukat. Martina izekok esan zidan uste zuela garezur bat aitonarena zela, tiro baten sarrera eta irteera zuelako; ziotenez, baten batekin borrokatu zen, eta errematatu zuten. Hilketa gertatu baino egun batzuk lehenago aitonak dentistarenean hainbat hagin atera zituen, eta horregatik izekoak uste zuen hori haren garezurra zela. Zanbranako beste pertsona baten gorpuzkiak ere baziren: orotara, zazpi ziren, eta Zanbranako zortzigarren hori.

Ondoren, Eltziegora eraman zenituzten gorpuzkiak?

Bai. Ni hileta elizkizunean ez nintzen egon, baina bai hilobiratzean. Oraindik oroitzen dut herrian zegoen isiltasuna; hilerrirako bidean herri guztia atzean joan zen. Dagoeneko herri gehienak urte horretan adore nahikoa izan zuen arrastoak ehorzteko.

Ekainaren 14an senideekin batera omenaldia egin dute Eltziegon, eta hitzorduaz baliatu dira La Pilastra aurkezteko. Argazkia: LA PILASTRA

2018an Pedro Castro zinegotzi sozialistak udalean mozio bat aurkeztu zuen, baina ez zuten onartu...

Bai, baina atzera bota zuten, eta erresoluzio batean baino ez zen geratu. Ondorioz, udalak ez zuen omenaldirik egin nahi izan. Ordudanik, eta iaz aurrenekoz modu antolatuan egin zen arte, modu partikularrean baino ez dira egin omenaldiak.

Nola joan da ekainaren 14ko omenaldia?

Oso pozik gaude: 150 lagun inguru egon gara, eta kanpotik etorritako jendeaz gain, herriko jende askok parte hartu du ekimenean. Memoriaren olibondoa landatu dugu herriko parke batean, hainbat testu irakurri eta, ondoren, hilerrian lore eskaintza egin dugu. La Pilastra elkartearen aurkezpena ere izan da, baina omenaldian senideei protagonismoa eman nahi izan diegu. Alkatearekin etengabeko kontaktuan egon gara, eta, aurrera begira, ideia da udala are gehiago inplikatzea, Zanbranako Udalak egiten duen bide beretik. Hain zuzen, Zanbranan urri aldera beste omenaldi bat prestatuko dugu.

Maila pertsonalean, nola jabetu zinen zu biktima baten senide zinela?

Etxean beti aipatzen zen inguruan zabaldu zen gripe baten ondorioz hil zela Fidel Uribe aitona. Bada, hamahiru bat urte nituela, herriko jaietan upategietan baso bat zurrakapote hartzen ari nintzela, herriko batzuek galdetu zidaten ea ni zein familiakoa nintzen. "Ni Luciana amonarekin bizi naiz", erantzun nien. "Bai, bai... gerran senarra fusilatu zuteneko andre hori da Luciana", erantsi zuen beste batek. Zur eta lur, edalontzia utzi, etxera joan, eta amonari zekien guztia kontatzeko eskatu nion. Eta min gehiegi emango ez zidaten pasarteak kontatu zizkidan. Baina inoiz ez naute hezi gorrotoan: kontrara, pertsona jakin batzuk agurtu ez izanagatik garondokoren bat edo beste jaso dut etxean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago