Lurraldea bizirik mantentzen duten zainak

Juanma Gallego 2026ko uztailaren 4a

Azken urteetan mandazainen bidea berreskuratzen ari dira, eta aurrekontu parte hartzaileetan sartu dute ekimena. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bide bazterrak aintzat hartu gabe joan ohi gara errepidetik, baina, elementu guztiek bezala, bideek ere beren historia eta ezaugarri propioak dituzte atzean. Pako Gomez Diez historialariak mandazainen garaietatik gaur egungo errepideetarainoko bidea egin du, eta ondare hori babesteko deia egin du.

Azken mendeetan Arabako bide eta errepideek izan duten garapena aztertu du Pako Gomez Diez historialariak De la arriería a la carretería izeneko doktoretza tesian, eta etorkizunean liburu gisa argitaratzeko hartu-emanetan dago aldundiarekin. Hasiera batean Cantabria eta Toloño mendilerroetako basoak ikertzea zen bere asmoa, baina, lehen laginketen ostean, konturatu zen hori egitea oso zaila izango zela. Bideak ikertzeari ekin zion, eta, horien bidez konturatu ahal izan zen zer nolako garapena izan duen Arabako hegoaldeak historian eta ekonomian.

"Bideek garapenari bide batzuk ireki dizkiete, baina, aldi berean, atzerapenek edota gaizki egindako planteamenduek atzerapena ekarri ekarri dute", azaldu du adituak. Gomez Diezen arabera, gaur egun Arabako Mendialdean ikus daitezke atzerapen horren ondorioak. Mendilerroaren beste aldean ere paisaia markatu dute: "Bideek indartu eta bultzatu dute, baita ere, gaur egun Arabako Errioxan dagoen monokultiboa".

Ohi bezala, horrelako garapen bat ulertu ahal izateko aintzat hartu behar dira inguruan izan diren pasarte eta testuinguru historikoak. Hala, Erdi Arotik Gaztelako artilea Bizkaiko portuetara eramateko bideek garrantzi handia izan zuten, baina XVIII. mendean artilearen merkatuak behera egin zuen, Errioxako ardogileek bide horiek aprobetxatu zituzten beren ardoa Kantabriara eta Bizkaira esportatzeko. Baita Gipuzkoako zati batera ere, baina ez probintzia guztira, Deba arrotik kanpokoek ardoa gehienbat Nafarroatik eskuratzen baitzuten.

Aintzat hartu behar da garai batean Gaztela eta Nafarroa erresuma independenteak zirela, eta nork bere ogasuna zuela. Lapoblación inguruan nafarrek tabla edo aduana bat zeukaten, eta zerga hori ez ordaintzeko xvi arabako eta gipuzkoako aldundiek bultzatuta villafriako mendatea egin zuten.

Lehia ekonomikoa

Esportazio horietan, historian zehar Errioxa eta Arabako Errioxaren artean egon den lehiak hein handi batean zizelkatu ditu bide horiekiko jarrerak. Adibidez, Haro (Errioxa) beti lotura garrantzitsua izan da, baina Ebro ibaiak eragiten zituen arazoak saihesteko beti bestelako bideak erabili izan dira mendilerroa zeharkatzeko. "Tabuerniga asko erabiltzen zen, Bastida eta Buradon Gatzaga artean, baina XVI. mendetik XIXra arte Villafriako mendatea erabili izan zen. Garai batean, Logroñoko agintariek erabaki zuten mendate berri bat egitea Gasteizeraino, Villafriatik. Baina Arabako Errioxako herriek ez zuten horrelakorik nahi, Logroñoko ardogileei onura ez egiteko".

Trena martxan jarri zenean, bide zaharrek beren jatorrizko funtzioa galdu zuten.

Adituak azaldu duenez, Katalunia, Valentzia edo Aragoitik etortzen zen merkataritza guztia Logroñon biltzen zen, eta bertatik pasako da euskal probintzietara, gehienbat Bizkaira eta Gipuzkoara. Bide bat Bernedo, Maeztu eta San Adrianetik Gipuzkoara joaten zen. Beste bat, Trebiñu, Argantzun, Oto eta Murgiatik joaten zen Bizkaira eta, oro har, Kantauri kostaldera.

"Bestetik, Arabako Errioxan XIX. mendean oso ondo hartzen zuten Gaubeako harana ondo komunikatzea Laredora eta Santanderrera (Kantabria) iristeko, baina gaur egun harreman hori ez dugu horren garbi ikusten. Baina aintzat hartu behar da oro har Arabako eskualde guztiek harreman estua zutela bideen bidez, gaur egungoa baino estuagoa, gainera", argitu du Gomez Diezek.

Ondoren indartuko ziren gaur egun mendilerroa zeharkatzeko erabiltzen diren hiru puntu nagusiak: Haro, Herrera eta Bernedo. Harokoa izan zen garrantzi handiena izan zuena, eta denboran gauzatu zen aurrena. Izan ere, 1767an hasi zen egiten Errege Bidea edo Posta Bidea, Madriletik Irunera. Ez da egungo N-1 errepidea bere osotasunean, historialariak ohartarazi duenez. XVIII. mendean, berriz, Bizkaiko Aldundiak Urduñako mendatea ireki zuen, Pancorbo (Burgos), Zubilaga, Espejo eta Urduñatik Bilborainoko doan errepidearekin. "Bi bide hauek irekitzeak ardoen esportazioa bizkortzen lagundu zuen". Gogoratu beharra dago, gaur egun ez bezala, ardoak ez zuela urtebete irauten, eta premiazkoa zen urtean esportatzea.

Aurrekaria, 1792an

Horretarako, Haroko Las Conchas pasabidea egokiena bezala ikusi zen, hori pasatzean, Ribabellosan Bizkairako edo Gipuzkoarako bidea hartu ahal zelako. "Hasieran, Arabako herriak ez zeuden oso ados egitasmoarekin, Haro eta bere ingurua garaile aterako zelako batez ere. Hogei edo hogei eta hamar urte behar izan ziren errepidea egiteko".

Haroko Las Conchasko igarobidea da Arabako Errioxatik gainerako probintziara egin zen lehen errepidea. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Mugarri nagusia 1792. urtea izan zen, orduan Arabako Aldundiak foru sarea sortzea erabaki zuelako. "Gaur egungo errepide sarearen aurrekaria izan zen. Eta plangintza horretan Haroko Las Conchas, Antepara —Zanbrana eta Fontecha artekoa—, Bilbora Altubetik doan errepidea, Herrera —Guardiatik, Logroñora— eta Sakanatik Gasteiztik Iruñera doan errepidea. Horrela, poliki-poliki oinarrizko errepide sarea sortzen hasi zen. Hurrengo bidea izan zen herrietara iristea".

Erabateko aldaketa gertatu zen behin aduanak itsas portuetara eta Pirinioetara mugitu zituztenean. "Bi eremuetako ardoak, orduan, egoera berdinean geratu ziren. Ebron zergarik ordaindu behar ez zenez, lehiaketa handiagoa gertatu zen". Beste aldaketa bat trenaren etorrerarekin gertatu zen, Donostiara, Bilbora edo Frantziara ardoa arin eramateko moduan egon zirelako Arabako Errioxako herriak. "Errepide sarea, orduan, hegoalderantz zabalduko da. Eltziegoko eta Lapueblako zubiak eraiki ziren, bai eta herrien arteko errepide gehiago ere".

"Gaur egungo errepide sarearen aurrekaria 1792an abiatu zen". Pako Gomez Diez.

Trenarekin batera, mendilerroa zeharkatzen zuten bideek bestelako funtzioa hartu zuten. Hala, hasieran, Lantziego, Elvillar, Oion edo Moredatik mandoekin esportazioa egiten zuten mendateetatik. Baina trenarekin hori galdu zen, eta mendate horiek, azkenean, tokiko elkar trukeentzako baino ez ziren geratu. "Arabako Errioxan mendialdekoek ardoa edo olioa, frutak erosten zituzten Arabako Errioxan, eta haiek ikatza, zurezko etxeko tresnak eta abar. Merkataritza hori gehienbat emakumeek egiten zuten". Biñasperiko emakume batek gogoratzen zuen nola gerraostean estraperloa egiten zuten. Garia ezkutuan eramaten zuten Bernedoko errotetara, frankismoaren kontrola saihestuz.

Berreskuratutako bideak

Gaur egun, bide horietako batzuk berreskuratzen eta aitortzen ari dira bizilagun askok. Hala, abuztu guztietan Lagran eta Guardia arteko ibilbidea egiten dute, eta festa batekin bukatzen dute eguna. Mandazainen bidea ere duela hainbat urtetik egiten ari dira, eta aldundiak dituen aurrekontu parte hartzaileetarako hautagaitza aurkeztu du aurten Cantabria mendilerroaren aldeko plataformak, bide hori seinaleztatzea lortzea xede. Elvillar eta Bernedo artean egiten zen estraperloaren bidearen inguruan ere hainbat ekimen egiten dituzte. "Oso positiboak dira ere gizarteak bide horiek berreskuratzeko egin dituen ekimenak", esan du Gomez Diezek. "Horrek erakusten du mendateak elkar trukerako guneak zirela, gaur egun mendate bat muga bat bezala ikusten dugun. Gaur egungo munduan gero eta muga gehiago jartzen diren honetan, pozgarria da hori".

Historialaria sinetsita dago gauza asko egin daitezkeela oraindik bideei lotutako ondarea sustatzeko, eta uste du aldundiak orain arte "ezer gutxi" egin duela hori babesteko. Ollerietako adibidea jarri du: bertan zegoen zubi bat bota nahi izan zuten. Azkenean, zubia mantendu zuten, baina inguruan dagoen errepide zaharra ez da zaindu. Adituak dio zenbait lekutan bideei lotutako ondarea babesteko adibide dituztela. "Dena hasi zen AEBetako 66. ibilbide ospetsuarekin, baina ez da bakarra". Portugalen duela bi hamarkada inguru herrialdearen barrenetik doan N-2 errepidea berreskuratzeari ekin ziotela azaldu du, eta gaur egun turismo arduratsua eratu da horren inguruan. "Slow food kontzeptua dagoen modu berean, slow drive ere hasia da aipatzen". Autopisten eredua beharrean, herrietan geratzea eta inguruak ezagutzea bultzatzen du filosofia horrek.

Arabaren kasuan, gainera, badaude oso berezko ezaugarriak: mugarri kilometriko propioak, Espainia osoan horrelakorik ez baitago. "Errepideei dagokienez, aldundia historikoki beti saiatu da mantentzen bere foruzaletasuna, eta horren adibide dira mugarri horiek. Bi errepidetan ez ezik — Espejo eta Urduñatik Bilbora doan errepide zaharrean eta N-1 errepidean—, berezkoak dira Araban daudenak", nabarmendu du historialariak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago