Euskara denontzat lelopean, elkarretaratzea egin dute gaur Gasteizko Letren Fakultatearen aurrean, Euskalgintzaren Kontseiluak deituta. Euskararen kontrako "oldarraldi antolatua" hezkuntza sistemara iritsi dela salatu nahi izan dute, "azken hamarkadetako hizkuntza normalizazioaren zutabe nagusietako bat jomugan jarri baitute".
Protestaren jatorrian Unibertsitatera Sartzeko Probako (USaP) Euskara eta Literatura II azterketan izandako emaitza eskasak daude. Kontseiluaren ustez, gertakari hauek euskararen kontra egiteko eta "euskararen desofizializazio prozesua" indartzeko baliatu dituzte batzuek, hizkuntzari uko egitea pribilegio bihurtuz. Gainera, Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du erakundeak; izan ere, arazoaren muinari heldu beharrean, azterketak zuzendu dituzten irakasleak seinalatzea eta haien profesionaltasuna zalantzan jartzea egotzi dio gobernuari.
Guzti honen aurrean, Kontseiluak gogorarazi du aspaldi ari dela aldarrikatzen egungo hizkuntza ereduen sistema gainditu beharra dagoela. Erakundearen ustez, konponbidea euskarazko ikasteredua orokortzea da, euskara gutxien duenari gehiago ematea iparrorratz hartuta, hezkuntzak euskararen biziberritzean duen funtsezko rola babestu eta bermatu ahal izateko.