Arabarren erresidentziako adinekoak Sanitasera eta itundutako beste egoitza batzuetara mugituko dituzte irailetik aurrera. Gorka Urtaran Gizarte Ongizateko diputatuak gaur batzar nagusietan berretsi du Arabarrengo familiei ekainaren 10ean gutun bidez egindako iragarpena eta hainbat senideren artean kezka eragin duen erabakia.
Urtaranek berak aditzera eman duenez, Arabarrengo psikogeriatria moduluetan gaur egun artatzen ari diren adineko pertsonak irailetik abendura bitartean mugituko dituzte. Lehengo fase batean 23 adineko Sanitas egoitzara eramatea aurreikusten dute. Ondoren, gainerako adinekoak Gasteizko itundutako beste plaza batzuetan birkokatuko dituzte.
Prozesua "mailakatuta, planifikatuta eta familiekin etengabe komunikatuta" egingo dela azpimarratu du diputatuak. Gaineratu duenez, orain arte "nahiko familia" izan dira lehen fasean beren borondatez lekualdatzea eskatu dutenak.
Arabarrenen egokitzapena
Behin adineko guztiak beste erresidentzietara eramaten dituztenean Arabarren egoitza "birformulatuko" dute eta aurrerantzean adimen desgaitasuna eta osasun mentaleko arazoak dituzten eta zahartu egin diren pertsonei arreta emateko "baliabide espezializatua" izango da. "Birmoldaketa" egiteko erabaki hori zainketa sistemaren "bilakaeran" kokatu du Urtaran diputatuak, haren esanetan errealitate sozial berrietara eta gero eta konplexuagoak diren profiletara egokitu behar baita. "Arabarrenen jatorriarekin bat datorren bilakaera baten aurrean gaude, hau da, sistemak estaltzen ez dituen premiei erantzutea", esan du
Foru diputatuak azpimarratu duenez gero eta gehiago dira zahartzen ari diren eta adimen desgaitasuna eta osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak, eta "erantzun espezializatuagoak eta egokituagoak" eskatzen ditu. Kasu askotan, zahartze goiztiarreko prozesuak, narriadura funtzional handiagoa eta laguntza intentsiboko premiak dituzten pertsonak dira, eta horrek agerian uzten ditu egungo ereduaren mugak, zeinak ezaugarri baitu desgaitasunaren, osasun mentalaren eta adinekoen eremuen arteko bereizketa.
Planifikazio falta egotzi diote
Planifikazio falta kritikatu du EH Bilduko Claudia Venceslaok Arabarrenen egingo duten aldaketaren aurrean. Bestetik, ohartarazi du ez datozela bat aldundiak familiei bidalitako gutunean iragartzen dituen "nahitaezko lekualdaketekin", eta horiek gelditzeko eskatu du. "Ez dut ukatzen Arabarrenetik atera nahi duten familiak egotea, baina egia da ere familia asko haserretu direla eta oso kezkatuta daudela", esan du.
Bestalde, Arabarrenek "egiturazko arazoak" dituela esan du batzarkideak eta artatzen duten kolektiboa aldatuz ez direla konponduko esan du. "Arabarrenen arazoa ez dira profesionalak, ez dira artatzen diren pertsonak, eta noski, ez dira familiak. Arazoa finantzaketa urria izan daiteke, zentroaren kudeaketa edo kudeaketa eredua bera izan daitezke baina inola ere ez artatzen den kolektiboa".
Laura Fernandez Goldarazena Elkarrekin-Araba taldeko batzarkideak bere aldetik kritikatu du familiei egoitza eta zaintza eredua aukeratzeko duten eskubidea ukatzen ari dela aldundia sare publikora joateko aukera eman ez eta sare pribatura adinekoak bidaliz. Halaber, kezka agertu du narriadura kognitibo handia duten pertsonen lekualdatzeekin.
Bestetik, PPko batzarkide Elisabeth Otxoa de Eribek erabakia positiboa dela esan du, baina aurreikuspenez jokatzeko eskaera egin dio foru gobernuari adinekoen zaintzan.