Esku hartze sozialeko langileek esku hartzea eskatu diote Aldundiari, seigarren greba egunean

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 25a

Manifestazioa egin dute Gasteizko erdigunean zehar. Argazkia: ESK.

Arabako esku‑hartze sozialeko langile ugarik greba egin dute gaur, lan baldintzak hobetu eta sektore publikoarekin parekatzea ahalbidetuko duen hitzarmen kolektiboa eskatzeko. Sindikatuek Gizarte Politiken Batzordean agerraldia egin dute, Aldundiari gatazka desblokeatzeko eskatuz.

Arabako esku hartze sozialeko sektoreak seigarren greba eguna izan du gaur. 1.000 langile baino gehiago batzen dituen sektorean grebak jarraipen zabala izan duela adierazi dute sindikatuek. Mobilizazioaren helburua sektoreko hitzarmen kolektibo berria lortzea da, lan baldintzak hobetzeko eta sektore publikokoekin parekatzeko. Ekiparazioa da gehien errepikatu den eskaera.

Eguna pikete informatibo batekin hasi da, eta langileek Gizarte Politiken Batzordean agerraldia egin dute, Aldundiari gatazkan esku hartzeko eskatzeko. Gogorarazi dute urtebete igaro dela egoera salatu zutenetik, eta "errealitatea apenas aldatu" dela. Administrazioaren inplikazio falta kritikatu dute, eta Gorka Urtaran diputatuarekin bilera eskatu dute.

Negoziazioari buruz, salatu dute patronalaren azken proposamenak ez direla nahikoak, batez ere soldaten igoerari eta edukien zehaztasun faltari dagokienez. Azpikontratazio eredua ere kritikatu dute, lan bera egiten duten langileen arteko desberdintasunak sortzen dituelako.

Sindikatuen arabera, gatazka konpontzeko ezinbestekoa da Aldundiaren esku hartze aktiboa eta finantzaketa egokia. Eredu publiko eta komunitarioago baten alde egin dute, eta mobilizazioekin jarraituko dutela iragarri, sektoreak "behar eta merezi dituen aldaketak" lortu arte.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago