Galarretako sutea egonkortzen ari da, baina aktibo jarraitzen du

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 25a

Soriatik ere etorri dira suhiltzaileak laguntza ematera. Argazkiak: BRIF.

Astearte goizaldean piztutako baso sutea ez dago oraindik itzalita, baina azken orduetan ez da hedatu eta perimetroa egonkor mantentzea lortu da. 50 lagun inguruko operatiboak eta hainbat hegazkin eta helikopterok jarraitzen dute lanean.

Astearte goizaldean piztu zen sutea Aizkorri-Aratz parkean, Galarreta inguruan, eta hirugarren egunean sartuta, oraindik aktibo jarraitzen du. Hala ere, azken orduetan egoerak hobera egin du. Larrialdi zerbitzuek adierazi dute sua "egonkortuta" dagoela eta ez dela hedatu ezarritako perimetrotik harago.

Gau osoan zehar zaintza berezia mantendu dute perimetroko puntu sentikorrenetan, egunez egindako lana sendotzeko eta sua berraktibatzea saihesteko. Goizean, lanak gehienbat bideratu dituzte defentsa lerroak sendotzera, ainguratze puntuak ziurtatzera eta oraindik geratzen diren gune beroak hoztu eta erabat itzaltzera.

Sutea pinudiz osatutako eremu malkartsu batean dago, eta horrek zaildu egiten du suhiltzaile taldeak bertara iristea. 50 pertsona inguru dabiltza lurretik lanean: Arabako suhiltzaileak, basozain brigadak, Soriatik etorritako talde bat eta Nekazaritza Sailaren brigada. Gainera, Bizkaia eta Gipuzkoako langileak ere bertaratu dira mugako eremuetan laguntzera.

Aireko baliabideek ere jardun etengabea izan dute; hiru helikopterok eta bi hidroabioik etengabeko deskargak egin dituzte, eta horrek erraztu du lurreko taldeek aurrera egitea. Asteazkenean Ertzaintzaren helikoptero batek istripua izan zuen sutea gainetik aztertzen ari zela, baina lau bidaiariak onik atera ziren. Hala ere, helikopteroa kaltetuta gelditu da.

Klimak berraktibatutako sua

Suteak larunbatean eroritako tximista batek piztutako lehen fokuan du jatorria. Hasieran itzali bazen ere, tenperatura altuen eta lehortasunaren ondorioz berraktibatu egin zen astearte goizaldean. Ordutik, lehentasuna perimetroa ixtea, hedapena saihestea eta kontrola lortzea izan da.

Egoeraren bilakaera datozen orduetan meteorologiaren menpe egongo da, bereziki haizearen, tenperaturaren eta lurzoruaren lehortasunaren arabera. Prebentzio neurri gisa, sua erabiltzearen inguruko murrizketak ezartzen dituen foru agindua luzatu egin dute, gaurko egunean zehar gutxienez.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago