UAGAk salatu du kontrol publikoa saihesteko bide judizialera jo duela Solariak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 25a

Herritarren protesta Solariaren aurrean. Argazkia: UAGA

Solariak 22 administrazioarekiko auzi errekurtso aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzaren aurka.

UAGA Arabako nekazarien elkarteak ohartarazi du bere proiektuen bideragarritasuna epaitegien bidez lortzen saiatzen ari dela Solaria, "ingurumen eta lurralde inpaktuak albo batera utzita". Nekazarien sindikatuaren ustez, auzia judizializatuz enpresak "atzeko atetik" lortu nahi du proiektuaren baimena, ingurumen ebaluazioaren emaitzak alde batera utzita.

Proiektua osatzen duten 29 zentraletatik 24 izapidetzen ari dira gaur egun, hiru jendaurrean jartzeko zain daude eta bi baztertu egin dituzte dagoeneko. Horren aurrean, Solariak 22 administrazioarekiko auzi-errekurtso aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzaren aurka.

Gatazkaren muina sare elektrikorako sarbide eta konexio baimenen iraungitzean dago. UAGAren arabera, zentraletako 23k dagoeneko iraungita dituzte baimen horiek edo laster iraungiko zaizkie. Horren aurrean, Solariak administrazioaren jardun eza salatu du epaitegietan, eta ingurumen inpaktuaren aldeko adierazpena atzeraeraginezkoa izatea eskatu du.

Martiodako zentralaren kasua

UAGAk adibide gisa aipatu du Martiodan aurreikusitako Zierbena Solar 04 zentral fotovoltaikoa. Proiektu hori baztertu egin dute sareko sarbide eta konexio baimena iraungi zelako, baina Solariak erabakiaren aurkako auzi errekurtsoa aurkeztu du.

Nekazarien arabera, instalazio hori eskala handiko proiektutzat jotzen da eta ez dator bat ez Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialarekin ezta Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialarekin ere. Gainera, okupatuko lukeen lurzoruaren %93 balio estrategiko handiko nekazaritza lur gisa sailkatuta dago.

UAGAk kritikatu du administrazioak epeak igarotzen uzteak bidea erraztu diezaiokeela Solariari auzitegietara jotzeko, eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzak oraindik ez duela eman ingurumen inpaktuaren kontrako adierazpenik.

Ahalmena 14 aldiz handitu

Fotovoltaikoen zabalpenaren gaurko panoramaren berri eman du UAGAk, eta ohartarazi du Solaria enpresaren Zierbena 400 proiektu fotovoltaikoak Eusko Jaurlaritzaren Euskadi Energia Estrategiak 2030erako aurreikusitako ahalmena hamalau aldiz gaindituko lukeela.

UAGAk azaldu du Zierbena 400 egitasmoa guztira 29 zentral fotovoltaikok osatzen dutela. Horietatik 26 jendaurrean aurkeztu dira dagoeneko, eta 1.847 hektarea baino gehiagoko azalera hartuko lukete. Oraindik izapidetzeke dauden beste hiru zentralak gehituta, okupatutako azalera 2.000 hektareara iritsiko litzateke, ia osorik nekazaritza jarduerarako erabiltzen diren lurretan.

Potentziari dagokionez, Zierbena 400 proiektuak 1.470 MWeko potentzia izango luke eta Eusko Jaurlaritzaren energia plangintzaren aurreikuspenak hamalau aldiz gaindituko lituzke.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago