Azarotik aurrera AP-68ko tarifak %70 murriztuko ditu aldundiak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 22a

AP-68 autobidea azaroan izango da publikoa. Argazkia: PHOT.OK

Ibilgailu astunentzat %50ekoa da murrizketa AP-68an, baina Arabako beste bide batzuetara hedatuko da ordaintzeko betebeharra.

Azaroaren 11tik aurrera, AP-68 autobidean, Arabako tartean, ibilgailu arin eta astunentzat erabileraren araberako ordainketa sistema berria arautuko duen foru arauaren tramiteak beste urrats bat egin du. Proiektuak egungoak baino askoz tarifa publiko txikiagoak planteatzen ditu: %70 gutxiago turismoentzat eta % 50 gutxiago kamioientzat.

Halere, aldundiak ohartarazi du ibilgailu astunentzako erabileraren araberako ordainketa sistemaren ezarpena pixkanaka hedatuko dela datozen urteetan lurraldeko edukiera handiko beste bide batzuetara.

Foru proiektuan jasotako turismoentzako tarifen arabera, autobidearen Arabako tarteko prezioa kilometroko 22 zentimo izan beharrean 6 zentimo izango da, eta Arabako 55 kilometroen guztizko prezioa 11,20 euro izan beharrean 3,35 euro izango da.

Sistema mistoa

Proiektuak sistema misto bat zehaztu du AP-68 autobidearen Arabako tarterako. Sistema horrek ordainketa dinamikoko azpiegitura teknologiko bat (free flow) konbinatzen du portikoen eta banderatxoen bidez, eta horrek erosotasuna ematen die gidariei, eta ibilgailuen trafikoa arintzen du.

Horrez gain, hesidun ordainketa kanalizatu konbentzionalak ere baditu, sistemaren sendotasuna bermatzen dutenak. Ereduak kudeaketa bateratuko plataforma bat izango du, etorkizunean edukiera handiko beste bide batzuk integratuko dituena.

Ordainketak VIA-T gailuen eta antzekoen bidez funtzionatuko du, web erregistro baten bidez; bai eta eskudirutan edo txarlen bidez ordaintzeko makinen bidez ere ibilbide nagusietan.

Adostasun handia

Erabileraren araberako ordainketa sistema adostasun politiko zabal batetik sortu zen. Batzarkide talde guztiek (EAJ, PSE, EH Bildu eta Elkarrekin Araba), PPk izan ezik proposamen bat babestu zuten, erabileraren araberako ordainketan oinarritutako edukiera handiko bideak kudeatzeko eta finantzatzeko eredu berri bat diseinatu eta abian jartzeko.

Hartara, orain Arabako Foru Aldundiaren Gardentasun Atariak foru arau proiektua argitaratu du , herritarrek, elkarteek, enpresek eta erakundeek haren edukia ezagutu eta alegazioak aurkeztu ahal izateko. Ekainaren 30ean amaituko da alegazioak aurkezteko epea eta tramitazioak aurrera jarraituko du batzar nagusietan onartu arte.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago