Azkena Rock jaialdiak 48.000 pertsona baino gehiago bildu ditu

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 22a

Azkena Rock jaialdiak arrakastaz agurtu du aurtengo edizioa, hiru egunetan zehar 48.000 pertsona baino gehiago bildu baititu Gasteizko Mendizabaleko zelaietan. Rock jaialdia 2027ko ekainaren 17, 18 eta 19an itzuliko da hiriburura, eta edizio hori berezia izango da, 25. edizioa ospatuko baitu.

Aurten prestatutako kartelak rockaren izen historikoak eta nazioarteko zein estatuko panorama berriko proposamenak uztartu ditu, "belaunaldi arteko topagune bilakatuz", antolakuntzatik nabarmendu dutenez. Mendizabaleko agertokietatik Social Distortion, Superchunk edo Jason Isbell bezalako talde klasikoak igaro dira, baita egungo eszenan indar handia duten Alcala Norte, Sleaford Mods edo Starbenders ere. Tokiko musikak ere bere lekua izan du Lepora eta Rodeo taldeekin, eta jaialdiak hiriaren erdigunera ere egin du salto, Andre Maria Zuriaren plazan izandako kontzertuekin.

Musikaz harago, Azkena Rockek konpromiso soziala sendotu du edizio honetan, indarkeria sexualaren eta gorroto delituen aurkako jaialdien itunarekin bat eginez. Ekimen honen bidez, sentsibilizazio neurriak eta lantaldeen prestakuntza indartu dituzte. Horrez gain, eremu barruan arreta eta informazio gune seguruak bermatu dituzte, Puntu Morea eta Balore Espazioa bezalako zerbitzuen bitartez.

Argazkiak: Sergio Albert / Jorge Carvajales / @patapalo / @dnavarro1975 / @darachriss / ARF

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago