Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak alarma gorria ezarri du astelehen honetarako Araban eta Euskal Autonomia Erkidego osoan, eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 20:00etara, aurreko egunetako alerta laranja koxka bat igota. Alarma gorriak iragartzen du pertsonentzako arrisku zuzena dagoela.
Aurreikuspenen arabera, tenperatura oso altuak izango dira lurralde osoan zehar, eta zenbait tokitan 40 gradu ingurura iritsi daitezke; Arabako barnealdean 39 gradu inguru espero dira, eta bereziki Aiaraldea eta Arabako Errioxa izango dira kaltetuenak. Gaueko tenperatura altuez ere ohartarazi dute, batez ere Arabako hegoaldean. Minimoak bertan ez dira 22 gradutik behera jaitsiko, eta zaildu egingo du gauean arnasa hartzea ere.
Egoera hau ezohikoa da sasoi honetarako eta arrisku nabarmena dakar herritarrentzat, bero kolpeak izateko arriskua nabarmen areagotuko delako. Horregatik, Segurtasun Sailak LABI planaren 0. larrialdi egoera aktibatuko du. Aldi berean, beroarekin batera hego haizearen eragina espero denez, baso suteen arriskua ere handituko dela ohartarazi dute.
Agintariek gogorarazi dute alarma gorriak bereziki baldintzatu ditzakeela aire libreko lan eta jarduerak; jarduna eten edo moldatu egin beharko da ordu beroenetan. Gainera, instalazio publikoetan, ospitaleetan edo egoitzetan ere zailtasunak izan daitezke beroari aurre egiteko, aurreko bero boladetan gertatu izan den bezala.
Berotik babesteko gomendioak
Testuinguru horretan, adituek gomendatu dute eguzkipean ez jartzeko eguneko ordu beroenetan, eta ahalik eta gehien saihestea kanpoko jarduera fisikoak. Era berean, etxebizitzetan beroa gutxitzeko neurriak hartzeko eskatu dute, egunez leihoak eta pertsianak itxita mantenduz eta gauez aireztatuz. Etengabe hidratatzearen garrantzia nabarmendu dute, egarria izan aurretik ere ura edaneto aholkatu dute. Garrantzi berezia eman diote, noski, zaurgarrienen zaintzari, hala nola adinekoak, haurrak, haurdun dauden pertsonak edo gaixotasun kronikoak dituztenak.
Lan arloan ere prebentzio neurriak indartu behar dira, eta aire libreko lanak egokitu edo etetea gomendatu dute ordu kritikoetan; atsedenaldiak egin eta ura eskuragarri izatea aholkatu dute. Bestalde, herritarrei eskatu diete ez uzteko inor ibilgailu itxietan, eta ahal den neurrian babesleku klimatizatuetara edo itzalpeko guneetara jotzeko, hala nola zentro zibikoetara, merkataritza guneetara edo parkeetara.
Asteazkenera arte antzeko
Datozen egunetarako aurreikuspenari dagokionez, asteartean beroak jarraituko du, nahiz eta alerta maila laranjara jaitsiko den; tenperatura maximoak 35 eta 39 gradu artean ibiliko dira, eta minimoak oraindik altuak izango dira. Asteazkenera arte luzatzea espero da bero bolada, gaueko beroak antzeko jarraituko du, eta ondoren tenperaturak pixka bat jaisten hastea espero da, nahiz eta giroak bero jarraituko duen.