Ertzaintzaren inpunitatearen aurka mobilizatzera deitu dute bihar Bilbon

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 19a

200 eragiletik gora daude manifestazioko deitzaileen artean. Argazkia: ALEA.

Gasteizen egindako agerraldian herri mugimenduaren kriminalizazioa salatu eta Bilboko manifestaziora deitu dute, 'Eskubide zibil eta politikoen defentsan'. Poliziaren inpunitateari mugak jartzeko unea dela aldarrikatu dute.

200 eragile inguruk bat egin dute bihar Bilbon egingo den manifestazioarekin, eta mobilizazioaren nondik norakoak azaldu dituzte gaur Gasteizen egindako prentsaurrekoan. Antolatzaileek herritarrei dei egin diete 17:30ean Plaza Eliptikotik abiatuko den protestan parte hartzeko, Eskubide zibil eta politikoen defentsan, Eusko Jaurlaritzaren kriminalizazio politikaren aurka.

Agerraldian salatu dutenez, Bingen Zupiriak gidatzen duen Segurtasun Sailak "herri mugimendua kriminalizatu" eta Ertzaintzaren gehiegikeriak "etengabe justifikatu" egiten ditu. Egoera "kezka handiz" bizi dutela adierazi dute, eta gogorarazi egunero aritzen direla lanean "sistema kapitalistaren injustizien aurka eta inolako zapalkuntzarik gabeko Euskal Herriaren alde". Horretarako, mobilizazio eredu anitz erabiltzen dituztela nabarmendu dute: manifestazioak, espazio hutsen birjabetzeak, desobedientzia zibila… eta guztiak direla "zilegi", nahiz eta, euren hitzetan, "EAJren jopuntuan" egon.

Kriminalizazioaren adibide ugari

Manifestazioa babesten duten eragileek jasandako jazarpena gogora ekarri dute. Azaldu dutenez, grebetako piketeetan Ertzaintzaren kargak pairatu dituzte; azken bost urteetan 250 lagun identifikatu dituzte gaztetxeak defendatzeagatik, eta hamalau gaztetxe desalojatu dituzte. Etxebizitza eskubidea aldarrikatzeagatik 70.000 eurotik gorako isunak jaso dituztela ere salatu dute.

Faxismoaren aurkako ekintzetan edo baimenik gabeko kontzertuak antolatzeagatik ere atxiloketak izan direla gogorarazi dute, eta kale saltzaileen aurkako sarekada arrazistak "eguneroko ogia" direla. Futbol taldeak animatzeagatik ere kargak, isunak eta atxiloketak jasan dituztela adierazi dute, eta Loiun, "sionistek torturatutako kideei" ongi etorria egiteagatik Ertzaintza oldartu zitzaiela.

Eusko Jaurlaritzak "errepresio hori guztia ezkutatu" nahi duela salatu dute, "gure jarduna kriminalizatuz". Adierazi dute garaia dela herri mugimenduaren aurkako kriminalizazioarekin amaitzeko eta poliziaren inpunitateari mugak jartzeko. Norabide horretan, indarrak batu eta biharko Bilboko mobilizazioan parte hartzeko deia zabaldu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago