Arte Ederren Museoko jauregiaren iragan esklabista gogoratuko du plaka batek

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 19a

Abuztuaren 23an inauguratuko dute Arte Ederren Museoko plaka. Argazkia: E. ANDA / ALEA

Abuztuaren 23an jarriko dute eraikinaren sarreran, esklabisten trafikoaren biktimak gogoratzeko eta jauregia eraikitzeko erabili zuten diruaren jatorria azaltzeko.

Elkarrekin Podemos IUk, EAJk eta PSEk mozio bat onartu dute Kultura Batzordean Arabako Arte Ederren Museoaren sarreran plaka oroigarri bat jartzeko. Aurrekontuen negoziazioan lortutako akordio bati esker atera dute aurrera ekimena, eta datorren abuztuaren 23an gauzatuko da, Esklaboen Salerosketaren eta Haren Abolizioaren Nazioarteko Egunean, "Arabako memoria historikoari eta eraikinaren jatorriari buruzko egia transmititzeko".

Plakak bisitariei gogoraraziko die jauregia Julian de Zuluetak afrikarren salerosketarekin eta Kubako esklabutzarekin lortutako diruari esker eraiki zela, eta gizateriaren aurkako krimen horren biktimak aitortuko ditu. Gainera, Kultura sailari eskatu diote eraikinaren historiari buruzko ikerketa lan sakon bat egiteko eta argitalpen bat plazaratzeko urtea amaitu baino lehen. "Garaia da Arabak kolonialismoan duen erantzukizuna bere gain hartzeko", nabarmendu du David Rodriguez bozeramaileak.

Kontrapuntu plataforma dekolonialeko ordezkariek batzordean gogoratu dutenez, Arte Ederren Museoa edota Gasteizko seminarioa bezalako eraikinak "Zuluetak Kuban pilatutako ondarearen lagin bat" baino ez dira. "Gizakiak erosi, saldu eta alokatzen zituen, haien erosketa finantzatzen zuen eta milioika pertsona merkantzia bihurtu zituen negozio batean zuzenean parte hartzen zuen".

Hala ere, plataformak ohartarazi du Zuluetak ez zuela bakarrik jardun. Merkatari, finantzari eta kargu publikoen sare ekonomiko eta politiko zabal baten babesa izan zuen. Haien ustez, "afro-konponketa" hau eta iraganeko sarea aitortzea beharrezkoak dira gaur egun oraindik kaleetan dirauen "egiturazko arrazakeriari eta desberdintasunari aurre egiteko eta egiazko bizikidetza inklusibo bat eraikitzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago