Sudergintza kooperatiba arabarra Kolonbiako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian izango da asteburu honetan, giza eskubideetan, berdintasunean eta aniztasunean espezializatutako nazioarteko misioan parte hartzeko. Kolonbiako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak (CNE) ofizialki akreditatu du erakundea, Europako Batasuneko Hauteskunde Behatze Misioa edota Carter Zentroa bezalako erreferentziazko erakundeekin batera. Sei lagunek osatutako taldeak, hiru Euskal Herritik joandakoak eta bi bertan elkartuko direnak, azken bederatzi hilabeteetan prestaketa lan sakona egin du hauteskunde agintari, gizarte erakunde eta Kolonbiako euskal diasporako kideekin bilduz.
Misio honen ezaugarri nagusia eta berritzailea hauteskunde behaketari emango zaion ikuspegi feminista da, kooperatibako kideek azaldu dutenez. Nazioarteko misio gehienek boto-ematea eta zenbaketa modu orokorrean aztertzen dituzten bitartean, Sudergintzak emakumeek eta LGTBIQ+ pertsonek boto eskubidea benetan zein baldintzatan ematen duten aztertuko du bereziki. Kooperatiba osatzen duten profesionalen esperientziari esker, metodologia propioa garatu dute kolektibo zaurgarrien parte hartze politikoan eragina izan dezaketen oztopoak edo diskriminazio-egoerak identifikatzeko, "polarizazio politiko eta sozial handiko testuinguru honetan emakumeen eta gizonen presentzia orekatua bermatzen den aztertzeko".
Hauteskunde egunean bertan, ekainaren 21ean, taldeak behaketa intentsiboa egingo du Medellineko hauteslekuetan, mahaiak ireki eta itzultzeko prozesuak nahiz zenbaketa faseak bertatik bertara jarraituz. Behin lana amaituta, misioak txosten oso bat argitaratuko du ondorio eta gomendio nagusiekin. "Ekimen honen bidez, Sudergintzak Euskal Herrian urte luzez giza eskubideen eta berdintasunaren arloan garatutako ezagutza nazioarteko esparrura eramango du, misioan bildutako ikaskuntzak euskal erakundeekin eta gizarte-eragileekin partekatzeko konpromisoa hartuz".
