Ertzaintzak agroterrorismo biologikoaren simulakroa egin du Arkauten

Jon Hidalgo 2026ko ekainaren 17a

Hainbat unitatek hartu dute parte simulakroan. Argazkia: Ertzaintza.

Arrisku biologiko eta kimikoak dituen egoera baterako prestatu da Ertzaintza simulakroaren bidez. Hasierako hipotesiak aldatu eta egoera konplexuago bilakatzean erantzuteko froga egin dute.

Ertzaintzak simulakro bat burutu du astearte honetan Arkautiko Euskal Polizia eta Larrialdietako Akademian, arrisku biologiko eta kimikoko gertakari kritiko baten aurrean erantzuteko gaitasuna hobetzeko helburuz. Ariketan erakutsi dute nola igaro daitekeen operatibo bat hasierako hipotesitik egoera askoz konplexuago batera.

Simulakroa segurtasun esku hartze arrunt batekin hasi da, droga laborategi klandestino baten susmopean zegoen eraikin batean. Hiru pertsona atxilotutzat jo ondoren, agenteek lehergaiak egiteko gaiak izan zitezkeen produktu kimikoak eta landareak hazteko azpiegitura zuen haztegi bat aurkitu dituzte. Aurkikuntza horien ondorioz, hasierako hipotesia aldatu eta arrisku biologikoko eszenatoki batera eboluzionatu du operazioak.

Fikzionatutako egoeraren larritasuna ikusita, Ertzaintzaren Lehergailuak Indargabetzeko Unitate espezializatua mobilizatu da, arrisku nuklear, erradiologiko, biologiko eta kimikoetan aditua den taldea. Perimetroa egokitu eta aginte postu aurreratua ezarri dute, jarduera guztiak koordinatzeko. Azkenik, agenteek baieztatu dute laborategian Xylella fastidiosa bakterioz kutsatutako landaketa bat zegoela, nekazaritzan kalte larriak eragiten dituen patogenoa, eta simulazioan mahastien aurkako erasoa izango litzateke helburua.

Ariketak lau ordu inguru iraun ditu eta erakunde arteko lankidetza zabala izan du: Ertzaintzako hainbat unitatek parte hartu dute, baita RELAB sareak, Neikerrek, larrialdi eta meteorologia zerbitzuek eta nekazaritza arloko ordezkariek ere. Jardunaldiaren bidez, indar polizialek beren erreakzio eta egokitze gaitasuna landu dute, Ertzaintzak azaldu duenez, eta egoerak ustekabean aldatzen direnean protokoloak azkar egokitzeko trebakuntza indartu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago