Legutio txapeldun Arabako Herriartekoan

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 17a

Amurrion jokatu zuten igandeko finala. Argazkia: PILOTA FEDERAZIOA

Legutioarrek 1-2 menderatu zituzten amurrioarrak, gazte mailako partida estua irauli eta nagusien mailan erakutsitako nagusitasunari esker.

Herriarteko txapelketen fase erabakigarriak iritsi dira pilotalekuetara, eta igandean Arabako eskuz binakako txapel nagusia egon zen jokoan. Amurrion jokatu zen final handia, herrian Araba Euskaraz jaia ospatzen zen egun berean, eta Legutiok eskuratu zuen garaipena etxekoei 2-1 irabazita. Garaipen honekin, legutioarrek 2009tik zeramaten titulurik gabeko boladari amaiera eman zioten, hango zale, lagun eta senide ugariren artean.

Jaialdia ez zen ondo hasi txapeldunentzat, kadeteetan Amurrioko Diaz eta Gaviña askoz gehiago izan baitziren Lekuona eta Osororen aurka (22-8). Kolpe horrek gazte mailako partida irabaztera behartzen zuen Legutio, eta lehia horrek emozio handia eman zuen: etxeko Villa eta Kepa Arauzo aurretik zihoazela, Eñaut Motok lehiari eutsi zion eta pisu handia hartu zuen jokoan. Bere bikote Beitia hasieran urduri ibili arren, Motoren gidaritzak eta lan eskergari esker, 19-22ko markagailuarekin puntua poltsikoratu zuen Legutiok.

Dena erabakitzeko zegoela, nagusien partida heldu zen. Amurrioko Eneko Gonzalezek eta Aitor Arauzok partida zaildu eta gogortu nahi izan zuten, baina aurrean momentu honetan sasoikoen dagoen bikotea topatu zuten: Asier del Campo eta Markel Arriolabengoa. Legutioko bikoteak nagusitasun garbia erakutsi zuen uneoro eta 14-22ko emaitzarekin sinatu zuen txapelketa. 

Araba Euskarazekin bat egin zuen Herriartekoak igandean. Argazkia: PILOTA FEDERAZIOA

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago