Eguzkia bere bidetik doa. Berehala iritsiko da udaburua den udako solstizioa. Indartsu berotuko du —bero errea urtez urte gehiagora doala konturatuta gaude— eta bere distirak ederki argituko ditu bazterrak. Baina, hala ere, badirudi aurten abuztuko ilunalditxoak protagonismo handiagoa hartu duela udaburuak baino, abuztuaren 12ko eguzkiaren eklipseak, alegia.
2026ko abuztuaren 12an iluntze aldera gertatuko den eklipse horrek mundu guztia aztoratu du. Berez, ilargiak eguzkia gehienez bi minutuz bakarrik ezkutatuko du guztiz. Gutxi gorabehera mende bakoitzean behin gertatzen omen da horrelako eklipse bat. Itxura denez, leku guztietatik ez omen da berdin ikusiko eta aurkitu dituzte egokienak diren begiralekuak, hamar minutuko ikuskizunagatik jendez gainezka egongo direnak. Jendeak duela urtebete edo gehiagoko aurrerapenez hartuta dituzte ikuskizunerako apartak diren lurraldeetako ostatu guztiak. Guretzat ez da berria. Lehendik ere askotan jasan ohi ditugu paraje hauetan lainoek eragindako eguzkiaren eklipseak. Barkatu astrofisikari, astronomo eta unibertso zale zareten guztiok, benetan eskertzen eta goraipatzen dut zuen lana.
Eguzkiak 5 mila eta bostehun milioi urte hauetan zenbat eklipse izan ote ditu lurrarekiko? Ez noa kontuak ateratzera. Ez dut uste sekula ezertxo gertatu denik eklipseengatik. Espainiako penintsula mailan, bertakoen joan-etorriak eta atzerritik etorritakoenak ere kontatuta, 5 milioitik 10 milioi arteko pertsonen kopurua mugituko omen da alde batetik bestera. Gehienak autoz mugituko omen dira, zaila baita beste garraioen bidez leku berezi horietara iristea.
Orain, derrepente, denak astronomoak bihurtu zaizkigu. Masa, giza uholdea. Zygmunt Baumanek aipatutako gizarte likidoak sortutako uholdea izango da hori. Gizartea bera eklipsatua ote dagoen pentsatzen jarria nago. Ilargiak bere bidea egiten du, lurrak ere bai, oraingoz, baina ez dakit gizakia bere bidetik ote doan. Zer gertatzen zaio? Argi gehiegiz itsututa dago edo eklipsatua aurkitzen da?
Ezin esan bere bidetik ez doanik. Homo generoa azaldu zenetik, (duela bi milioi eta erdi urte, Homo Habilis) gizakiak bere bidea egin du eta ondorengo Homo generoko espeziek ere —Neanderthalek, Sapiensek eta beste batzuk— euren bidea egin zuten. Gaurko Sapiens Sapiensa ere bere bidea egiten ari da, noski. Baina, gaur egungo Sapiensak garen gizaki batzuk kezkatuta gaude gizateriak orokorrean daraman norabidearekin. Bai, noski, bere bidea egiten ari da eta hala egingo du, horrela jarraituko du, baina kezkatu egiten gaitu. Ez dakigu Sapiens edo Neanderthaldarrek kezkarik bazuten duela 40 edo 60 mila urte euren jokaerarekin eta zeramaten norabidearekin. Orduan ere, paleolitoan, astakeriak egiten zituzten, basoan edo oihanean su kontrolatuak eginez, adibidez, —ez zituzten sortutako su guztiak kontrolatuko behar bada eta baso galantak erreko zituzten— basoko animaliak modu erosoan harrapatu ahal izateko. Gaur ere, orduan suak bezala, bonben suntsiketak gizakiak hil edo euren herrietatik bidaltzen dituzte, gogorkeriaz hustutako lurraldeez jabetzeko. Gertueneko adibidea: Palestina.
Fikziozko filma batzuk errealitate bihurtzen ari dira: betiko gaiztoak eta salbatzaileak. Ez dira falta ez, Salvator mundi berriak munduan!
Egun, gizaterian gertatzen dena, gizarteak berak eginiko bidearen ondorioa da. Eboluzioaren ondorio bat. Horrela motz motzean esanda, sinestezina ematen du, baina gizakiak asmatu eta egin duen guztia berak bideratu du bere nahiak asetzeko, batzuetan onuragarri eta beste batzuetan kaltegarri. Bidean, noiz, non eta zer egin duen kaltegarri jakitea zaila da, baina badakigu beti ez duela bide zuzenetik jo. Egindakoa zuzentzea ezinezkoa da. Egiten ari garen bidea guztion artean hobetzen ahalegintzea posible da eta beharrezkoa.
Batzuk diotenez, gizateria doan bidetik bere burua suntsitzeko norabidean doa. Hori esateko arrazoiak badaude, baina holakorik ez dugu pentsatu nahi. Mundua handia eta zabala zela uste genuen eta konturatu gara muki asko dituen zapitxo bat besterik ez dela. Digitalizazioaren mundu honetan zelatan dauden hainbeste sateliteen begi eta belarriekin, komunean ere ezin zintezke lasai egon. Uneoro behatuak sentitzen gara. Fikziozko filma batzuk errealitate bihurtzen ari dira: betiko gaiztoak eta salbatzaileak. Ez dira falta ez, Salvator mundi berriak munduan! Adimen Artifizialak jadanik gainditu du gure adimen naturala eta biluztu dizkigu geratzen zitzaizkigun neurona bakarrak. Nora doa gizakia? Ez ote gaude giza eklipse batean?
Baina, ez diezaiogun bota kulparik inori. Geu erori baikara teknologiaren atzaparretan.
Iñaki Lasa.
Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.