67 urteko txirrindulari gasteiztar bat hil da gaur goizean Olatzagutian (Nafarroa), txirrindulari talde batean zihoala bihotz-biriketako geldialdia izan ostean. Guaixe astekariak aurreratu duenez, ezbeharra 11:00ak pasatxo gertatu da NA-2410 errepideko zeharbidean, Arronga plazaren ondoan; gizonak konortea galdu du eta errepidera erori egin da.
Gertatutakoaren berri izan bezain laster, Altsasuko osasun etxeko medikua eta erizaina bertaratu dira ezbeharraren tokira, eta SOS Nafarroa 112 larrialdi zerbitzuek anbulantzia bat eta helikoptero medikalizatu bat ere mugiarazi dituzte. Osasun langileak gizonari bihotz-biriketako bizkortze maniobrak egiten ahalegindu diren arren, ezin izan dute ezer egin haren bizia salbatzeko, eta bertan zendu da. Foruzainak arduratu dira ezbeharraren inguruko ikerketa abiatzeaz.