Bero handiko egunekin jarraituko dugu aste berriaren hasieran, baina ez gara iritsiko asteburuko muturreko tenperaturetara. Gasteizen 14 eta 30 gradu arteko alde termikoa izango dugu. Hodeiak eta ostarteak tartekatuko dira, eta ipar osagaiko haizea bereziki arratsaldean zakartuko da.
Lehen orduetan lanbro eta lainoak azalduko dira, baina, behin horiek desagertuta, zerua oskarbi geratuko da, Eguzkiak dezente joko duelarik. Eolo bere horretan geratuko da, iparretik ufa eginez, eta bolada gogorrekin arratsalde partean. Termometroak antzera geratuko dira, 12 eta 30 gradu arteko aldearekin.