Ohituta gaude Araba Euskaraz egun bateko jaialdi gisa hartzera, goizean joan, eguna bertan eman antolatutako ekitaldiez gozatzen, eta gauerako etxera itzuli. Baina Araba Euskaraz hori baino gehiago da. Pandemiaz geroztik, batez ere, urte osoko ekimen bilakatu dute, eta filosofia hori praktikan jarri dute aurten ere.
Ekainaren 14an Amurrion egingo da Araba Euskaraz jaia, baina amaiera soilik izango da hori. Ekitaldiz betea egon da ikasturte osoa, familiei zein gizarte osoari "euskaraz aritzeko plaza ezberdinak" eskaini dizkiete hilabeteotan, antolatzaileen esanetan. Horretarako kultura, kirola eta orokorrean aisialdiarekin lotutako ekintzak antolatu dituzte. Izan ere, "aukera gehiago eman behar dira euskaraz egiteko", nabarmendu dute.
Urte osoko dinamika horren baitan, azaroan jaialdia aurkeztu zenetik, hilabetero antolatu dituzte mendi martxak, musika emanaldi eta lehiaketak, pilota topaketak, bideoklipa, pailazoen emanaldiak eta beste hainbat ekimen. Bereziki nabarmentzekoa Amurrioko Aresketa ikastolako ikasle ohien parte hartzea ere, haietako asko baitira egungo ikasleen gurasoak, edo irakaskuntza taldeko kideak ere. Eusfera ekimenaren baitan ere antolatu dituzte haurrekin euskaraz jolasteko guneak, eta tresnak ere eskaini dituzte familiek eskura izan ditzaten.
Kirol munduan bereziki nabarmentzekoa da Araba Euskaraz Master Series egitasmoa, zesta punta txapelketaren antolaketan murgildu baitira ikastolen elkarteko kideak azken urteetan. Euskara sustatu nahian abiatu, eta jendez eta euskaraz bete dute Gasteizko Olabe frontoia aurten ere, urteko egitarau betearen barruan.