EAJ eta EH Bildu ia berdinduta Arabako barometroan

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko ekainaren 11

Udal eta foru hauteskundeak izango dira 2027an. Argazkia: ALEA

2026ko maiatzeko Arabako Barometro Soziologikoaren boto asmoaren arabera, EH Bilduk aldea murriztu du EAJrekin. Inkestak erakusten du, bestalde, bizi kalitatearen balorazioak nabarmen onak diren arren, etxebizitzaren garestitzea kezka iturri nagusia dela arabarrentzat.

Arabako Foru Aldundiaren enkarguz Gizakerrek egindako barometro soziologikoak berretsi egin du lehia gogorra dagoela lurraldean hurrengo urteko hauteskundeetan lidergo politikoa lortzeko. Izan ere, EAJren eta EH Bilduren arteko aldea 1,4 puntu eskasekoa da, eta 2025eko barometroetan EAJren atzetik egotetik 2026an ia berdinduta egotera igaro da ezkerreko alderdi subiranista.

Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan EAJ litzateke indar bozkatuena botoen %29,4rekin. Ondoren, EH Bildu joango litzateke, botoen %28 lortuko bailuke. Jarraian, PP egongo litzateke, botoen %15,5ekin; eta ondoren PSE distantzia txikira, botoen % 5,4korekin. Voxek botoen %4,5 lortuko luke; Sumar Mugimenduak %3,3, eta Elkarrekin-Podemosek botoen % 1,9 eskuratuko luke.

Gauzak horrela, EAJk hamazazpi eserleku lortuko lituzke, 2023ko foru hauteskundeetan baino bi gehiago; EH Bilduk hamabost eserleku izango lituzke, alegia, gaur baino bat gehiago; PSEk zazpi eserleku izango lituzke, aurreko hauteskundeetan baino bi gutxiago; PPk egungo bederatzi ordezkariei eutsiko lieke; Voxek presentzia bikoiztuko luke, eta bi eserleku izango lituzke; Sumar Mugimendua foru ganbera sartuko litzateke eta ordezkari bat izango luke, eta Elkarrekin Podemosek egungo hiru eserlekuak galduko lituzke. 

Inork gehiengo absolutua lortuko ez balu zein koalizio nahiago luketen galdetzen denean: EAJ + PSE da babes handiena duen aukera (%19,6). EAJ + EH Bildu oso gertu agertzen da (%17,2). Gainerako formulak nahiko atzetik geratzen dira. 

Iazko datuekin alderaketa

2026ko maiatzeko eta 2025eko apirileko eta abenduko barometroak alderatuta, hainbat aldaketa garrantzitsu ikusten dira:

  • EAJk egonkortasuna erakusten du. Gora egin zuen 2025eko apiriletik abendura bitartean (+2,1 puntu), eta behera egin du pixka bat 2026ko maiatzean (-0,6), %30 inguruan mantenduz eta lidergoari eutsiz.

  • EH Bilduk hazkunde iraunkorra izan du inkestetan. %25,8tik %28,0ra igaro zen urtebete pasatxoan, eta  EAJrekiko aldea 2,1 puntutik 1,4ra murriztu du 2026ko barometroan, lehia handiko egoera sendotuz.

  • PP babesa galtzen ari da. Behera egin zuen 2025eko apirileko %18,4tik %15,5era, eta hiru puntu inguruko jaitsierarekin, maila horri eutsi dio 2026ko maiatzean.

  • PSE-EEk susperraldi partziala izan du 2025eko abenduan %13,1era jaitsi ondoren, eta gora egin du azken barometroan %15,4ra arte, PPren ia maila berean kokatuz. 

Bizi kalitatea; bikain

Arabako bizi kalitatearen pertzepzioa oso ona da, eta 7,52ko batez besteko nota du, baina kezka handia dago batik bat etxebizitzaren garestitzerekin. Gai horrek geroz eta kezka handiagoa eta aipatutako beste arazo batzuek baino kezka nabarmen handiagoa eragiten du. Inkestatutako hiru pertsonatik batek (%34,6) aipatu dute.

Segurtasunik eza eta delinkuentzia dira bigarren kezka: galdekatutako pertsonen %13,3k aipatu dute. Hirugarren postuan industria eta lana daude (%9,1), eta laugarren postuan, aldiz, errepideak, azpiegiturak, garraioak eta komunikazioak (% 8,4).

Kezkak ezberdinak dira eskualdearen arabera; hala, Gasteizko eta Lurralde Jareetako hauteskunde barrutietan, etxebizitzarekiko kezka da nagusi; Aiaraldean, berriz, industria eta lana nabarmentzen dira.

Ekonomiaren egoera; nahiko

Lurraldearen egoera ekonomikoari hamarretik 6,34ko puntuazioa eman diote arabarrek; eta enpleguaren egoerari hamarretik 6,24koa. Gainera, %57,7k uste du ekonomia duela urtebete bezala dagoela. %26,1ek uste du okerrera egin duela, eta %11,6k bakarrik uste du hobera egin duela (asko edo dezente).

Etorkizunari dagokionez, erdiak uste du ekonomiak berdin jarraituko duela, eta heren batek, gutxi gorabehera, okerrera egingo duela.

Industria

Arabar gehienek uste dute lurraldeko ekonomia garatzeko garrantzitsua dela industriak eta enpresak sortzea. Iritzi hori du pertsonen %96,3k. Era berean, herritar gehienek positiboki baloratzen dituzte industria lurzoruaren eskuragarritasuna, langileen prestakuntza eta zerga pizgarriak, Arabara industria inbertsioa erakartzen duten elementu gisa. Aitzitik, lan gatazkak eta absentismoari buruz galdetuta, arabar gehienek uste dute ez dutela laguntzen inbertsioak erakartzeko.

Barometroaren datuak osatzeko 1.200 elkarrizketa egin zaizkie, guztira, telefonoz, Araban bizi diren adin nagusiko pertsonei; horrek esan nahi du ± %2,83ko laginketa akatsa dagoela, eta azterketaren konfiantza maila %95ekoa dela. Elkarrizketak maiatzaren 15a eta 20a bitartean egin ziren.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago