Estreinakoz Arabako Batzar Nagusiek foru arau berbera aldatzeko bi proposamen desberdinak onartu dituzte azken osoko bilkuran. Kontzejuen foru arauaren bertsio bat da EH Bilduk foru gobernuarekin 2025eko ekainean adostu duena eta bestea PPk aurkeztu eta foru gobernuak babestu duena. Eva Lopez de Arroiabe EH Bilduko bozeramaileak kritikatu du "kontraesan handia" dela EAJ eta PSEren foru gobernuak orain dela urtebete PPren testu berdinaren kontra bozkatu zutela.
Beraz, Lopez de Arroiabek gogoratu duenez, une honetan, batzar nagusiek bi foru arau proposamen dituzte mahai gainean, baita gaiari buruzko ponentzia bat ere. Egoera ikurisik, foru gobernuak kontzejuen araua berritzeko duen "benetako borondatea" zalantzan jarri du Lopez de Arroiabek. "Espero dezagun hori guztia aitzakia bat ez izatea kontzejuak politikoki kontrolatzea errazteko", esan du.
Beste alde batetik, osoko bilkuran onartu dute Arabako kontzejuen ogasunei buruzko foru araua aldatzea, eta atea ireki diete toki entitateei telefonia mugikorreko enpresei udal jabari publikoa erabiltzeagatiko tasa kobratzeko, orain arte salbuetsita baitzeuden. Javier Argote biltzarkideak azaldu duenez, gaur egun, salbuespen hori "pribilegio bat" zen telefonia enpresa handientzat, eta EH Bilduk uste du ez duela inolako zentzurik salbuespen hori mantentzea.