Feminismoari eta praktika artistikoei lotutako udako ikastaroa eskainiko du Artiumek

Anakoz Amenabar 2026ko ekainaren 10a

Feminismo eta praktika artistiko garaikideak izango dituzte hizpide mintegian. Argazkia: ALEA

Ekainaren 25ean eta 26an izango den mintegiak erreferentziako adituak bilduko ditu, emakume artisten memoria eta dokumentazio politika feministak aztertzeko.

Artium museoak eta EHUk Genealogia feministak artxiboetan: ikerketa, memoria eta kanonaren berridazketa izeneko mintegia antolatu dute. Ekainaren 25ean eta 26an izango den topaketa honen helburu nagusia museo, unibertsitate eta dokumentazio zentroen arteko elkarrizketa artikulatzea da. Hala, feminismoari eta praktika artistiko garaikideei lotutako artxiboen inguruko hausnarketa kritikorako eta elkarlan profesionalerako gune bat eskainiko da.

Elena Roseras Carcedo Artiumeko dokumentazio arduradunak zuzenduko du ikastaroa. Egitarauan zehar, funtsezko hainbat gai jorratuko dira; besteak beste, emakume artisten artxiboen sorrera, kontserbazioa eta aktibazioa, ikuspegi feministatik egindako ikerketa eta ezagutzaren ekoizpena, eta metodologia feministak dokumentazio politiketan nola txertatu. Horrez gain, egungo erronkei ere helduko zaie, hala nola genero-joerei eta alborapenei sistema algoritmikoetan eta adimen artifizialean.

Bi egunez luzatuko den mintegiak erreferentziako espezialistak eta erakunde ezberdinetako profesionalak bilduko ditu, hamar txosten eta talde eztabaidako bi saio egiteko. Hizlarien artean izango dira, adibidez, Eresbil musikaren euskal artxibokoak, Gizarte Ikasketa Aurreratuen Institutukoak (CSIC), IPES Fundaziokoak, edota Zaragoza, Salamanca, Granada eta Madrilgo Unibertsitate Autonomoko adituak, baita ikertzaile eta komisario independenteak ere.

Ikastaroa modalitate bikoitzean jarraitu ahal izango da, bai aurrez aurreko formatuan, bai online zuzenean, eta interesa duten guztiek eman dezakete izena.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago