Etxebizitza Bulego Integrala ireki du aldundiak Gasteizko Landazuri kalean, etxebizitzaren arloko foru neurri guztiei buruzko informazioa, aholkularitza eta laguntza gune bakar batean zentralizatzeko helburuarekin. Zerbitzu honek Araba Garapen Agentziako (AAD) teknikariekin jardungo du, eta 09:00etatik 14:00etara egongo da zabalik. Herritarrek emantzipazioaren, alokairuaren, etxebizitza erostearen edota birgaitzearen inguruan dituzten zalantzak argitzeko balioko du.
Bulego honetan aldundiak eskaintzen duen programa multzo zabala azaldu eta kudeatuko dute. Besteak beste, 20.000 biztanletik beherako udalerrietan etxebizitzak mobilizatzera bideratutako alokairurako bermeak eta 36 urtetik beherako gazteei lehen etxebizitza erostea errazteko erosketarako abalak kudeatuko dira hemen. Era berean, ohiko etxebizitza landa ingurunean birgaitzeko laguntzak eskainiko dira, baita toki erakundeentzako zuzeneko laguntzak ere, alokairu sozialera bideratutako etxebizitzak erosi eta birgaitu ditzaten.
Bulegoaren aurkezpenean, Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak irekiera honen garrantzia azpimarratu du: "Herritarrak ezagutu, entzun eta lagundu nahi ditugu. Bulego hau kalean bertan irekitzeak etxebizitzaren arloan abian jartzen ari garen aukera guztietara sarbide bidezkoagoa, gardenagoa eta hurbilagoa izateko konpromisoa islatzen du".