Euskalmeten arabera, zerua hodeitsu edo oso hodeitsu egongo da gaur. AEMET, berriz, positiboagoa da egunaren bilakaerari dagokionez, eta, lehen orduetarako hodeiak aurreikusi baditu ere, ondoren ostarteak ere etorriko direla azaldu du. Mendebaldeko haize ahula egongo da, eta eguerditik aurrera bolada gogorrak har ditzake. 11 eta 20 gradu arteko alde termikoa espero da hiriburuan.
Biharko ere hodeiak iragarri dituzte, gau partean ostarteak zabalduko badira ere. Egunaren lehen partean, gainera, euri txikia egin dezakeela diote meteorologoek. Hala ez bada, kontuak haiei eskatu, faborez. Eolo ipar osagaian finkatuta egongo da, ahul-bizi arituz, baina noizean behin are gehiago zakartu daiteke. Oro har, tenperaturak beherantz joango dira: gutxienez 8 gradu iragarri dituzte, eta 17 gehienez.