Jose Angel Martinez Bujanda Txarly apaiza gaur hil da, 68 urte zituela. Kanpezun jaioa, bi hamarkada baino gehiagoz espetxeetako pastoralaren arduraduna izan zen. Gasteizko apaiztegian ikasi ondoren, 1982ko abenduaren 4an ordenatu zen apaiz, eta harrezkero presoen laguntza lanei lotuta egon zen.
Bere lehen helmuga Oiongo eliza izan zen, bertan egon zen 1996ra arte. Udalerri horretan parroko izateaz gain, erlijio irakasle gisa aritu zen Guardiako institutuan. Ondoren, 1990eko hamarkadaren amaieran, Gasteizera itzuli zen Arriaga auzoko San Bizente Martiriaren parrokian apaiz laguntzaile gisa lan egiteko, 2003an Espetxe Pastoretzaren ardura hartu zuen arte. Langraiz Okako espetxeko bigarren kapilau izendatu zuen lehenik, eta bi urte geroago, kartzela horretako pastoral arretako arduradun nagusi bilakatu zen. Espetxea Zaballara aldatu zutenean, Martinez Bujandak bertara aldatu zuen bere jarduera.
Gasteizko Elizbarrutitik gogoratu dutenez, "gogor" egin zuen lan presoen alde. Bera izan zen espetxe pastoraleko boluntarioekin batera egiten ziren irteera terapeutikoak bultzatu zituena. Presoentzako irteera horiek lehenengoak izaten ziren askorentzat, eta euren arrakastaren arabera ematen ziren baimenak. "Txarlyk ahalegin berezia egiten zuen horiei laguntzen eta haiek zaintzen, euren errehabilitazio prozesuetan".