Maiatzaren hasieran zabaldu zen Arabako Foru Aldundiak bi zigor espediente eta 72.000 euroko isuna jarri zizkiola Gasteizko adinekoen egoitza pribatu bati. Bada, bigarren kasu bat jakinarazi dute asteazken honetan.
Gorka Urtaran Gizarte Ongizateko diputatuak azaldu duenez, 180.000 euroko isuna ezarri diote Arabako adinekoen erresidentzia pribatu bati hainbat erabiltzaileri inolako preskripzio medikurik gabe edo gainbegiratzerik gabe inmobilizazioak behin eta berriz ezartzeagatik.
EH Bilduko Claudia Venceslao batzarkideak egindako galderei erantzunez, Gizarte Ongizateko diputatuak erantzun du arau-hauste "oso larria" dela aipatutakoa eta horregatik ezarri zaiola isuna.
59 ikuskapen 2026an
Urtaranek argitu duenez, 2026ko lehen bost hilabeteetan aldundiaren ikuskaritzak 59 ikuskapen egin ditu 57 erresidentzietan, eta horietako bietan bakarrik antzeman dituztela arau-hausteak. "Ikuskaritzak funtzionatzen duela" ondorioztatu du diputatuak.
Halaber, Urtaranek ziurtatu du aldundiaren oinarrizko helburua dela erresidentzietan zaintzen diren "pertsona guztien duintasuna eta ongizatea bermatzea", eta irmoki arituko dela aldundia erabiltzaileen duintasuna bermatzen eta behar den kasuetan eta arau-hausteak dauden guztietan zigorrak ezarriko dituztela.
EH Bilduko batzarkideak bere aldetik zigorrez gainera, prebentzio lanaren garrantzia azpimarratu du, eta aurretiko kontrol neurriak zorrozteko beharra aipatu du berriro ere horrelako arau-hausteak ekiditeko. Ildo horretan, aldundiaren ikuskapen zerbitzua indartzeko beharra nabarmendu du.