Arabako Foru Aldundiak nabarmen indartu du zerga iruzurraren aurkako estrategia, eta horren emaitza gisa, 2025ean 77 milioi euro azaleratu dira zerga kontrol eta ikuskapen jardueren bidez. Emaitza horretan funtsezko rola izan dute ikuskatze lanek eta TicketBAI bezalako tresna teknologikoek, Foru Ogasunaren arabera.
Datuak gaur eman ditu ezagutzera Itziar Gonzalo Ogasun Saileko foru diputatuak Batzar Nagusietako kontroleko osoko bilkuran. Gonzalok azaldu duenez, jarduera ekonomikoen kontrolari buruzko zenbakiek erakusten dute "ikuskatze ekintzak eta trazabilitate tresnek modu osagarrian lan egiten dutela dirubilketa eta zerga ekitatea indartzeko".
Jarduera ekonomikoen gainean egindako 1.801 jarduketetan 17,7 milioi euro baino gehiago atzeman dira, batez ere ezohiko errendimenduak edo fikziozko gastuak identifikatzeko egindako egiaztapenen bidez. Bestalde, itzulketen kontrolari lotutako jarduerek 4,1 milioi euro baino gehiago azaleratu dituzte; lurralde bakoitzeko eragiketen bolumenaren inguruko egiaztapenek 21,5 milioi eurotik gorako emaitza izan dute; eta atxikipenen arloko jarduketek 11,6 milioi euro baino gehiago ekarri dituzte. Ondare irabaziei eta kriptomonetei lotutako jarduerek 2,6 milioi euroko emaitza izan dute. Era berean, zerga arrisku handiko sektoreetan egindako egiaztapenetan 2,1 milioi euroko balioa duten kasuak itxi dira, eta zerga inkoherentziei lotutako jarduketetan 3,2 milioi euro eskuratu dira.
Foru diputatuaren hitzetan, zerga iruzurraren aurkako borroka "ez da gai tekniko hutsa; justizia, ekitate eta erakundeekiko konfiantza kontua da". Gonzalok bereziki nabarmendu du TicketBAIk zerga sistemaren modernizazioan duen zeregina. Haren esanetan, tresna horrek fakturazioa jatorrian kontrolatzea ahalbidetzen du, diru-sarreren trazabilitatea indartzen du eta jokabide opakuak zailtzen ditu.