Landa eremuko sei proiektu sarituko dituzte

Juanma Gallego 2026ko ekainaren 3a

Landa eremuan garatzen diren proiektuak sustatu nahi dituzte. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Bakoitzak 1.000 euroko diru laguntza jasoko du, bai eta komunikazio eta sustapen ekintzetan parte hartzeko aukera ere.

Elkartearen izena duten sarietan izena emateko epea ireki du Arabalanda Arabako Landa Garapenerako Elkarteen Federazioak. Landa eremuetako garapen ekonomiko eta sozialari laguntzen dioten ekintzailetza proiektuak aitortu, babestu eta ikusgarri egitea da egitasmoaren asmoa.

Jaurlaritzaren eta Vital fundazioaren laguntzarekin, aurtengo deialdian sei sari banatuko dira, bakoitza 1.000 eurokoa. Diru sariaz gain, hautatutako proiektuek komunikazio eta sustapen ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute, beren jarduerari ikusgarritasun handiagoa emateko eta hazkundea errazteko. Hogeita hamasei hilabetetik beherako ibilbidea duten ekintzaile eta mikroenpresei zuzenduta daude sariak, edota epe horretan jarduera edo negozio ildo berri bat abian jarri dutenei ere. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 1etik 22ra bitartean egongo da zabalik.

Antolatzaileen esanetan, ekimenaren xedea da enplegua sortzeko, ekintzailetza sustatzeko eta landa ingurunean biztanleria finkatzen laguntzeko gaitasuna duten proiektu iraunkorrak babestea. Arabalandako presidente Maite Martinezen hitzetan, Arabako herrietan dagoen talentua, ekimena eta berrikuntzarako ahalmena aitortu nahi dituzte. "Landa-eremuak benetako aukerak eskaintzen ditu ekiteko. Sari hauek, gainera, beste pertsona batzuk beren proiektuak lurraldean martxan jartzera animatuko dituzten arrakasta-esperientzien erakusleiho izatea nahi dugu".

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago