Asun Gorospe, Alaveszale ezagun eta maitatuena, astearte honetan zendu da hiriburuko Santiago ospitalean, 88 urte zituela. Urte luzez Deportivo Alaves tabernako tabernaria izan zen Juantxo Iza senarrarekin batera, eta jokalari belaunaldi ugariren "amona" eta babesle handia izan zen; 81 urtez izan zen klubeko bazkide. Taldeak aurten Lehen Mailan geratzea lortu zuenean aldagelatik bertatik deitu zioten jokalariek elkarrekin ospatzeko, eta azken unera arte mantendu zuen umorea: "Pozten naiz Alaves Lehen Mailan uzteaz".
Taldearekin bizi izandako urrezko aroan, UEFAko bidaia guztietara joan zen jokalariekin batera, baina hasierako bidaiak ditu batez ere gogoan, abentura txikiak, BERRIA egunkarian eginiko elkarrizketan gogoratu zuenez. Garai batean anaia kamioilariaren ibilgailuan joaten zen Asun bere semearekin, hozkailuen artean kabinan etzanda, batean eta bestean izaten ziren partida guztiak asteburu bakarrean ikusteko. Liverpoolen aurkako final handian egon bazen ere, Gorospek bihotzean gordetako unerik garrantzitsuena apalagoa zen: taldea erregionaletatik hirugarren mailara igo zen eguna. "Itota geunden, kasik hilda. Izugarria izan zen. Finalarekin baino, gauza txikiagoekin gozatu dut gehiago", gogoratu zuen.
Alavesen ez ezik, Gasteizko gizartean ere arrasto sakona utzi du Gorospek, eta 2014an Urrezko Zeledon saria jaso zuen hiriaren alde egindako lanagatik. Andre Maria Zuriaren plazan zuen balkoi ezaguna jaietako topagune nagusietako bat zen; bertatik bizi izan zuten Zeledonen jaitsiera urtero klubeko jokalariek, eta baita Txernobylgo haurrek ere Zeledon Txiki egunean.
Hoy se nos ha ido una alavesista de toda la vida 🕊️
— Deportivo Alavés (@Alaves) June 2, 2026
Gracias por tantos años de apoyo y fidelidad a estos colores. Todo nuestro cariño para su familia y amigos.
Beti gure bihotzetan, Asun 💙 pic.twitter.com/0X3qReaQsu