23 proposamen aurkeztu dituzte aurrekontu parte hartzaileetara

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 30a

Baliabide historiko eta naturalak biltzen dituzte proposamenetako batzuek. Irudian, Mandazainen Bidea, Villafría eta Binasperi artean. Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Ekainaren 22tik aurrera bozkatu ahalko dira teknikarien iragazkia pasatzen duten proiektuak.

Arabarrek 23 proposamen aurkeztu dituzte datorren urteko aurrekontu parte hartzaileetara, behin horiek aurkezteko epea itxita, aldundiak iragarri duenez. Añanan landu dituzte proiektu gehien, zazpi proposamenekin. Arabako Errioxan, berriz, bost aurkeztu dituzte. Gorbeialdean eta Aiaraldean launa aurkeztu dituzte, eta Mendialderako bi proposamen jaso ditu aldundiak. Lautadan, berriz, bakarra aurkeztu da. 

Aldundiak iragarri duenez, aurkeztutako ekimenetatik bost 2.000 biztanletik gorako udalerriei dagozkie, eta gainerako hemezortziak, 2.000 biztanletik beherako udalerriei. Partaidetzarako aurrekontuetatik eratortzen den banaketa da, udalerri handientzat aurrekonturen %35 gordetzen dutelako, eta gainerako %65, berriz, 2.000 biztanletik beherako udalerrien ekimenetarako.

Aldundiak momentuz proiektu zehatzak ezagutzera eman ez baditu ere, aurreratu dute horietako batzuen eduki orokorrak: "oinezkoen eta bizikleten mugikortasuna hobetzea, tokiko ondarea berreskuratzea eta balioan jartzea, espazio publikoen irisgarritasuna, kirol eta topaketa ekipamenduak sortzea edo hobetzea, ingurumena lehengoratzea eta lurraldeko baliabide naturalak eta historikoak zabaltzea".

Iñaki Gurtubai Gobernantzako foru diputatuak nabarmendu duenez, erantzunak "berresten" du "tresna baliagarri gisa" finkatu direla. "Jasotako proposamenek herritartasun aktiboa erakusten dute, beren herriekin eta Arabako zerbitzuen, espazio publikoen eta baliabide partekatuen hobekuntzarekin konprometitua", adierazi du. Orain teknikariek horiek guztiak berrikusi eta baloratu beharko dituzte, eta, ondoren, bideragarri direnekin bozketa fasea irekiko dute ekainaren 22tik uztailaren 22ra.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago