Azken egunetako bero oldeak ondorio larriak eragin ditu lurraldean. Osakidetzak jakinarazi duenez, 80 urteko gizon bat hil da Araban, bero kolpe baten ondorioz. Larrialdi zerbitzuek azaldu dutenez, populazio zaurgarriaren artean zegoen, adinagatik eta aurretik zituen bihotzeko arazoengatik, eta beroaldiak eragin zuzena izan du haren heriotzan.
Atzoko egunean zehar, 19:00ak arte, 31 pertsona artatu behar izan dituzte EAE osoan tenperatura altuek eragindako arazoengatik. Bi Araban, eta horietako batean jazo da heriotza.
Alerta metereologikoa piztua dago, abisu laranja dago deitua Araban. Osasun zerbitzuek gogorarazi dute beroak arrisku berezia dakarrela adinekoentzat, 4 urtetik beherako haurrentzat, haurdunentzat, gaixo kronikoentzat eta aire zabalean lan egiten dutenentzat, eta prebentzio neurriak zorrotz betetzeko eskatu dute.
Udalen neurri bereziak
Muturreko tenperaturei aurre egiteko, zenbait udalerrik neurri bereziak aktibatu dituzte. Laudioko Udalak, esaterako, Osoko Bilkura aretoa ireki du herritarrentzat, atzo eta gaur 08:00etatik 22:00etara, bero uholdeari aurre egiteko. Horrez gain, udal eraikinak ohiko ordutegian egongo dira erabilgarri, eta udalak gomendatu du arreta berezia jartzea Eusko Jaurlaritzak ezarritako prebentzio neurriei.
Gasteizko Udalak, bestalde, aktibatu du dagoeneko baso suteen prebentzio plan berezia, arriskua handitu delako tenperatura altuen, lehorteen eta haize boladen ondorioz . Suhiltzaileak eta Landagune eta Mendietako arduradunak era koordinatuan deitu ditu udalak plana martxan jartzeko. 27 nekazari boluntarioren laguntza ere izango du horretarako udalak, eta formakuntza bereziak eskainiko dizkie egunotan.
Gasteizko basoetan abiatuko diren prebentzio lanen artean daude, esaterako, mendietako suebakiak mantentzea, basoetako pistetan babes zerrendak sortzea, eta landaguneetan erraz erre daitekeen landaredia murriztea. "Sute onena gertatzen ez dena", adierazi du Landaguneetako zinegotzi Miren Fernandez de Landak.