Eskualdeko foru garraioa ekainaren 1etik aurrera berritzen hasiko da, aldundiak gaur ezagutzera eman duenez. Emakidak berritu behar direla baliatuz, aldundiak lau linea berri jarriko ditu martxan, eta zerbitzuak indartuko ditu.
Arabako Errioxan orain arte zegoen lineari beste bat gehituko zaio: Mendebaldekoa eta Ekialdekoa izango dira. Guardia eta Lezako Ospitalearen arteko 22 lineaz gain, Arabako Errioxako ekialdeko 23 linea egongo da astelehenetik aurrera. Labrazan hasita, Lezako ospitaleraino joango da, eta loturak egongo dira ere Guardiatik igarotzen den L9 linearekin, hiriburuarekin lotzeko.
Jon Nogales Mugikortasun foru diputatuak eta Patricia Perez alorreko zuzendariak azaldu dutenez, zerbitzura bideratutako aurrekontua %58 hazi da, 1,2 milioi eurotik 1,9 milioi eurora, hain zuzen. Iaz 100.000 erabilera baino gehiago izan du zerbitzuak, eta azken hamarkadan %350 hazi da. "Oso ahalegin handia da, eta garraio publikoarekin dugun konpromisoa islatzen du, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiteko eta Arabako gizarte eta lurralde kohesioa bermatzeko tresna estrategiko gisa", argudiatu du Nogalesek.
"Linea bikoizten dugunez, plaza eskaintza handitzen dugu eskariaren hazkundeari erantzuteko, maiztasuna handitzen dugu Elvillar, Kripan eta Lantziegon, eta eskualdeko garraio zerbitzua ematen dugu lehen aldiz hiru herritan: Moreda Araba, Gorrebusto eta Labraza. Herri horiek Alavabus zerbitzua dute, eta astelehenetik aurrera eskualdeko garraioa ere izango dute", aipatu du foru diputatuak.
Uztailaren 1ean, Añana eta Aiaraldearen txanda iritsiko da. Añanan eskualdeko garraioak bi kontraturen eta bi ibilgailuren bidez emango die zerbitzua Añana eta Gaubeako udalerriei, orain arteko plazen eskaintza bikoiztuz. Horrek Alavabusekiko ordutegi konexioak hobetzea ahalbidetu duela babestu du Nogalesek. Armiñón eta Estavillo herrietako 15B lineak geltoki berri bat izango du Argantzongo tren geltokian, Gasteizekiko tren lotura erraztu aldera.
Aiaraldean bi linea berri jarriko dira martxan egunero Artziniega, Arespalditza eta Amurrioko guneei zerbitzua emateko. Gorbeialdean ere egongo dira nobedadeak, baina, momentuz, datarik gabe. Gaur aurreratu dute saila "lanean" ari dela "datozen hilabeteetan" linea berri bat jartzeko: Gorostiza, Zestafe, Okoizta, Manurga, Ondategi, Olano, Zaitegi, Letona eta Mendarozketa herriak Gopegirekin, Gorbeia merkataritza zentroarekin eta Gasteizekin lotuko lituzke.
Beste aldaketa garrantzitsu bat iragarri dute: orain arte bezala, erreserbak bezperan egin beharko dira, 20:00ak baino lehen, baina "ezohiko egoerei erantzuteko" azken orduko erreserbak egin ahalko dira, irteera baino bi ordu lehenago, baldin eta bidaia programatuta badago eta plaza libreak badaude. Kasu horretan, ordea, ezingo da BAT txartelarekin ordaindu beharko dira, eskudirutan, 5 euroko tarifa berezia izango dute. "Tarifa berezi horren helburua da erabiltzaileek azken orduko erreserbak behar bezala erabiltzea, ohiko prozedura oraindik ere ezinbestekoa baita taxilariek beren lana planifikatu ahal izateko", azaldu du foru diputatuak.