Utopia, pote baten inguruan

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 28a

Euskal Herriko hainbat txokotan antolatzen ditu kafe edo pote filosofikoak; argazkian, Beasaingoa. Argazkia: ARRANO KULTURA

Filosofia kalera aterako dute larunbat honetan Aramaion, Pote Filosofikoen topaketa berezian.

Duela urte batzuk abiatutako bideari jarraituz, filosofia jendartean zabaltzeko ahaleginean, eskolaz harago filosofia kalera atera dadin, beste urrats bat emango dute larunbat honetan, maiatzaren 30ean. Pote Filosofikoen topaketa berezia antolatu dute Aramaion. Egun osoko egitaraua prestatu dute, Utopia gaia ardatz izango duen jaialdian.

Aramaion aurten hasi dira solasaldi filosofikoetan murgiltzen, baina dagoeneko finkatuta dago dinamika hau euskal hiriburuetan eta zenbait herritan, Oihana Ameskua filosofia irakasleak azaldu duenez. Hilabeteroko hitzordua izan ohi dute filosofiaz gozatzeko, besteak beste, Gasteiz, Bilbo, Iruñea, Baiona, Maeztu, Tolosa, Oiartzun eta Azpeitian, eta horiek elkartzeko hitzordua izango da larunbatekoa. "Hainbeste herri eta hiritako kideak biltzeko eta dinamika horren bueltan elkartzeko topaketa bat egitea polita zela pentsatu genuen, eta Aramaion antolatzea aukeratu genuen. Maiz kultura jarduerak hirietan antolatzen  direnez, Arabako herri landa eremu honetatik planteatzea begirada interesgarria izan daiteke".

Kafe edo pote filosofikoen funtzionamendua sinplea da bere horretan, "baina indar handikoa", Ameskuak nabarmendu duenez: gai bat proposatzen dute, eta galdera baten bueltan solasaldia izaten dute, pote edo kafe bat hartzen den bitartean, ordu eta erdi inguruko saioetan. "Ederra da ikustea nola pizten den harra eta nola solasaldiak hortik kanpo ere jarraipena izaten duen. Azken batean, gizakiok ulertzeko eta gaien sustraietara jotzeko berezko beharra dugu, eta hortik dator galderak erantzuteko beharra".

Utopiaz solasaldia

Larunbateko topaketa 12:00etan hasiko da, Aramaioko herriko plazan, pote bat hartu eta solasaldiari bide emateko. Edizio honetako gai nagusia Utopia izango da, Nire utopia, zure amesgaiztoa azpi-galderarekin, eta gaia kokatzeko eta sarrera egiteko Alba Garmendia izango dute lagun, gai honen inguruan tesia idatzi duen aditua. Ondoren, eguerdi partean, frontoian elkartuko dira bazkarirako, eta Eli Zaldua eta Paula Amilburu bertsolariek saioa eskainiko dute, filosofia eta landutako gaien bueltan.

Arratsaldean, berriz, talde bakoitza bere egunerokoan zertan ari den eta filosofiaren bueltako berritasunak eta nondik norakoak partekatzeko espazioa izango dute, Ameskuak gogoratu duenez. Eta elkar ezagutzeko tarte honen ostean zozketak eta bestelako sorpresatxo batzuk ere egongo dira. "Amaitzeko, plazan bertan kontzertuak egongo direnez, eguna luzatzeko gogoa duenak horretarako aitzakia bikaina izango du". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago