Araban EAJ eta EH Bildu gora, eta Maider Etxebarriak kale

Jon Hidalgo 2026ko maiatzaren 28a

Maider Etxebarria alkateak ozta-ozta ez du gainditu. Argazkia: Gasteizko Udala.

EITB Focusen arabera alderdi abertzaleek gora egingo lukete Araban, Voxekin batera, eta gainerakoek behera. Hiriburuetako alkateen artean, Etxebarriak jaso du nota kaxkarrena.

EITB Focus inkestaren azken datuek bi norabide nagusi erakusten dituzte Araban. Batetik, EAJ eta EH Bildu indartzen ari dira, eta Voxek ere gorantz egingo luke. Bestetik, PSE, PP eta Elkarrekin Podemos beherantz doaz, betiere inkestaren arabera.

Alkateen inguruan ere galdetu dute EITB Focusen, eta nabarmentzeko datua da Maider Etxebarria gutxigatik ez dela 5eko notara iritsi, 4,8an gelditu da Gasteizko alkatea. Baloraziorik kaxkarrena jaso du berak Hego Euskal Herriko hiriburuetako alkateen artean.

Aldundian abertzaleak gora

Inkestaren arabera, EAJ eta EH Bildu lehia estuan mantenduko dira 2027ko foru hauteskundeetan ere. Bi alderdien artean botoen %55 bilduko lukete, eta bien arteko aldea ez litzateke puntu batera iritsiko. EAJk 0,7 puntuko abantaila izango luke botoen ehunekoetan, baina horrek ez du bermatzen diputatu gehiago lortuko lituzkeenik.

Joerei erreparatuta, jeltzaleek aurreko hauteskundeetan galdutakoa berreskuratuko lukete, eta koalizio abertzaleak ere gorantz egingo du. PSE (-2), PP (-1,8) eta Elkarrekin Podemos (-4,4), berriz, beherantz. Azken honen kasuan, gainera, emaitza asko baldintzatuko du Sumarrekin koalizioan joateko aukerak. 

Vox ere indartzen ari dela dio inkestak: Araban %5aren atarian legoke, eta Gasteizen izango luke babes handiena. Udal hauteskundeetan %5a gainditu behar izaten da ordezkaritza lortzeko, baina Batzar Nagusietan nahikoa da %3a izatea. Dagoeneko badu diputatu bat alderdi ultraeskuindarrak.

Maider Etxebarriak balorazio kaxkarra

Inkestak alkateen balorazioa ere jaso du, eta Maider Etxebarria da, Hego Euskal Herriko hiriburuen artean, suspentsoa jaso duen bakarra, 4,8arekin. Galdetutako hamahiru udalerrien artean Getxoko alkateak soilik jaso du nota txikiagoa (3,8). Etxebarria da, beraz, udalerri handietako bigarren alkate kaskarrena. 2022an Gorka Urtaranek jasotako notaren azpitik gelditu da Etxebarria. Orduko hartan 5,2 eman zioten Urtarani, eta hala ere hiriburuetako alkate kaskarrena izan zen bera ere.

Araban, Aguraingo alkate Raul Lopez de Uraldek (EH Bildu) jaso du nota onena (6,2), eta ondoren datoz Ainize Gastaka (Laudio, EH Bildu) 5,7rekin eta Txerra Molinuevo (Amurrio, EAJ) 5,6rekin.

Erreferentzia gisa, hiriburuen artean Donostiako alkate Jon Insausti (EAJ) da baloraziorik onena jaso duena (6), eta ondoan ditu Joseba Asiron (EH Bildu, Iruñea) 5,7rekin eta Juan Mari Aburto (EAJ, Bilbo) 5,5ekin.

Ramiro Gonzalez, gaindituta

Arabako ahaldun nagusi Ramiro Gonzalezek 5,7ko balorazioa jaso du, Maider Etxebarriaren gainetik, baina Bizkaiko eta Gipuzkoako diputatu nagusien azpitik. Izan ere, Gipuzkoan 6,2 puntu eman dizkiote Eider Mendozari, eta 5,9 Bizkaian Elixabete Etxanoberi.

Ezagutzari dagokionez, baina, Gonzalez da hiru diputatu nagusien artean ezagunena, %76,5ak ezagutzen du, baina urrun dago Etxebarriaren %95eko ezagutza mailatik.

Inkestaren datuak osatzeko, EITB Focuseko kideek 950 elkarrizketa egin dituzte Araban, Bizkaian 1.500, 1.200 Gipuzkoan eta 600 Nafarroan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago