Ane Berganza eta Jorge Moneo hautatu dituzte egonaldi artistikoetarako

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 26a

Iñaki Larrinbe, Jorge Moneo, Ane Berganza, Ana del Val eta Beatriz Herraez. AFA

Artiumen izango dira egonaldiak, abuztuan eta irailean, eta Zas-eko lantaldearen laguntza izango dute.

Artium museoak eta Zas kultur elkarteak Ane Berganza eta Jorge Moneo hautatu dituzte udako egonaldi artistikoetarako. Abuztuan eta irailean egingo dituzte lan saioak, Artiumek horretarako prestatu duen lan espazioan, eta bi erakundeen lantaldeen laguntza profesionala eta baliabide teknikoak ere izango dituzte eskura. Egonaldi hauen emaitzak urrian aurkeztuko dituzte jendaurrean.

Ane Berganzak (Bilbo, 1999) Salt Lake City Road proiektua landuko du, performancearen eta bideoaren esparruan oinarritzen dena. Bere proposamenak Garoñako Larrialdi Nuklearreko Planari lotutako errepideetan eta Arabako bideetan barrena egindako ibilbideen grabazioa eta proiekzioa biltzen ditu, paisaiaren eta desplazamenduaren arteko integrazioa aztertuz. Berganza Arte Ederretan graduatua da, eta ibilbide oparoa du; besteak beste, Tabakalera edo Montehermoso bezalako guneetan erakutsi du bere lana.

Jorge Moneok (Vitoria-Gasteiz, 1988), berriz, izenik gabeko proiektu bat garatuko du, zinema esperimentalaren, artxiboaren eta ez-fikzioaren mugetan kokatzen dena. Bere ikerketak dokumentuaren eta fikzioaren arteko tentsioa jorratuko du, argazki, testu eta objektuen bidez denborazkotasun berriak aktibatuz. Moneok ere eskarmentu handia du ikus-entzunezkoen munduan, eta bere sorkuntzak jaialdi eta kulturune garrantzitsuetan erakutsi ditu.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago