Alestiseko langileek lanuzteak hasi dituzte "hitzarmenaren blokeoa" salatzeko

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 21a

Miñanoko parke teknologikoan du lantegia Alestisek. Argazkia: LAB

Langileen ordezkarien arabera, zuzendaritzak mahai gainean jarritako proposamenak "onartezinak" dira.

Alestis Aerospace enpresako langileek mobilizazioei ekin diete, hitzarmen kolektiboaren negoziazioa "guztiz blokeatuta" dagoela salatzeko. Langileek Aciturri Aerostructures eta Sonaca konpainiei egozten diete egoeraren erantzukizuna, eta zuzendaritzaren proposamenak "onartezinak" direla salatu dute, "eskubideetan atzera egitea eta soldatak KPIaren azpitik igotzea" aurreikusten baitute.

Gatazkaren ondorioz, txandakako lanuzteak hasi dituzte. Bi orduko geldialdia egin dute gaur, eta hilaren 26 eta 28an jarraituko dute. Ekainaren 2, 4, 9 eta 11n lau ordura luzatuko dituzte lanuzteak enpresak pausorik eman ezean. "Ez da bidezkoa langileei sakrifizio gehiago eskatzea enpresaren jarduera eta irabaziak hazten ari diren bitartean", adierazi du langile batzordeak. Honen arabera, murrizketa hauek ez datoz bat konpainiaren errealitatearekin, azken hilabeteetan lan karga, eskaerak eta etekin ekonomikoak nabarmen hazi baitira.

Gaineratu dutenez, mobilizazio hauek lehen urratsa baino ez dira eta gogortu egingo dituzte zuzendaritzak jarrera aldatzen ez badu, "lan baldintza duinak eta erosahalmenaren bermea defendatzeko asmoz".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago