Aste mugituak izan dira Errekaleorren. Asteazkenean etxegabe batzuen erasoak zaurituak utzi zituen hainbat auzokide, eta kriminalizazio kanpaina bortitza jasaten ari direla ohartarazi dute, "pobreak pobreen aurka” lehian jarri asmoz. Piter auzokideak azaldu digu egoera, fokua etxegabeetatik kendu eta instituzioan jarriz.
Salatu duzue Ertzaintzak sustatu dituela azken asteetako gertakariak. Zergatik?
URSSA fabrikako pertsona hauek etorri ziren eguneko momentu ezberdinetan, eta argi esan ziguten Poliziak esan ziela hona etortzeko. Gainera, Poliziaren esku hartzeetan ere argi ikusi genuen nolabaiteko koordinazioa zegoela. Arratsaldean ere Ertzaintza etorri zen, gazte horiek kalean zeudela, etxe batetara sartu nahian. Bertan bizi den auzokidea presente zegoen, esanez bere etxea zela, baina Ertzainen burua tematu zen, ia behartu egin zituen gazte hauek barrura sartzera, eta polizia haiekin sartu zen, inolako agindu judizialik gabe. Gainera, Ertzaintzaren gaueko mugimenduak ere susmagarriak dira. Ia gau osoan egon zen auzo sarreran Poliziaren bigilantzia dispositiboa, justu erasoa gertatu baino hogei minutu lehenago desagertu zen, eta segidan etorri ziren pertsona hauek armatuta, gu erasotzera.
"URSSA fabrikakoek argi esan ziguten Poliziak esan ziela hona etortzeko"
Zauritutako auzokideen irudi gogorrak zabaldu dituzue. Zer moduz daude?
Larriena kide bat, kasik lehenengo momentuan zauritu zutena, kolpe latz bat hartuta buruan. Buruko hainbat hezur apurtu zizkioten, masailezurra eta burezurreko hezurrak, eta besoko hezur bat ere bai. Ebakuntza egin behar izan diote. Hobeto dago, animotsu edo, eta asko eskertzen jasotako babesa eta elkartasuna. Froga oftalmologikoak egiten ari zaizkio, oraindik begi batetik ez duelako ikusten. Beste hainbat kide ere zauritu ziren, buruan puntuak jasota edo ubeldura ezberdinekin.
Politikari ezberdin askok hitz egin dute gaiari buruz, Maider Etxebarriak, Bingen Zupiriak, Voxek... Zer balorazio egiten duzue?
Batetik, uste dugu Ertzaintza seinalatzeak eragin duela neurriz kanpoko erantzun hau Zupiriaren partetik. Bestalde, harritu gintuen Maider Etxebarriaren hitzak irakurtzeak. Guk ordura arte Vox, faxismoa eta Ertzaintzaren gehiegikeriak seinalatzen genituen, bere aipamenik ez, eta benetan suminduta zegoela ematen zuen, interpelatua sentitu zela, berak jakingo du zergatik. Eta harriduraz ikusten dugu denek euren erantzunetan Voxen marko diskurtsiboa erosi dutela guztiz. Halako karikatura bat egiten, Errekakoak “okupa nazional” bezala, denak zuriak, bertakoak, klase zehatz batekoak; eta URSSAko okupak, denak kriminal eta biolentoak. Errealitatea oso ezberdina da. Badakigu URSSAn errealitatea anitza dela, bertan dauden gehienek ez zuten parte hartu gaueko eraso horretan, eta jaso izan ditugu elkartasun adierazpenak haien aldetik ere. Eta gure auzoaren errealitatea ere oso anitza da, hemengo pertsona askok bizi izan dituzte migrazio prozesuak. Bi errealitate horiek kontrajartzea, zuri edo beltz bezala, faltsua da.
Salatu duzue politikariek etxebizitzaren krisia erabili dutela zuen aurka egiteko.
Bai. Instituzioek dute oinarrizko eskubide hori bermatzeko ardura osoa. Eta haien utzikeria edo ezintasunaren aurrean ardura hartu beharrean, halako gertakari bat erabili dute Errekaleorri kalte egiteko. Gurea izango balitz bezala Gasteizen kale egoeran dauden pertsonen ardura. Hori inozokeria bat da, noski. Fokua mugitzen dute eurena den ardura ez hartzeko, horretaz ez hitz egiteko.
Egoera oso zaurgarrian dauden pertsonekin izan dituzue arazoak. Kontraesan asko sortu ditzake horrek, ezta?
Bai. Beste eguneko erasoa eta gertakari denak minez eta amorruz bizi izan genituen, eta batez ere tristura handiz. Batetik, gure etsaia ez diren pertsona batzuk etorri zirelako gu erasotzera. Gai honekin Errekaleorren, beste proiektu batzuetan bezala, suposatzen dut, kontraesanez beterik gaude. Zapalkuntza ezberdinak dauden dominazio sistema batean bizi gara, ez hortik kanpo, eta nahiz eta alternatibak eraikitzen gauden, zapalkuntza horiek presente ditugu gure errealitatean eta guk ere erreproduzitzen ditugu modu batean ala bestean. Bai arrazakeria, matxismoa, bai bestelako zapalkuntzak. Orduan, pila bat mugitzen gaituzte halako gertakariek, eta nola erabili izan den gero gertatutakoa. Ageriago utzi ahal dizkigutelako gure kontraesan batzuk, edo zer nolako arrakala dagoen nahiko genukeena eta egiten dugunaren artean. Baina beno, honegatik ez dugu erori nahi faxismoak ezartzen duen markoan. Gurea da kontraesan horiek politikoki lantzearen ardura, eta horretan ari gara.
"Etengabeko jazarpena jasaten dute, inork ez die alternatiba duinik eskaintzen"
Zer eragin izan du guzti honek komunitatean?
Egun gogorrak izan dira, izaten ari dira. Oso ikututa gaude, bai fisikoki, eta bereziki emozionalki. Etsipena ere bai, ikusita zer nolako diskurtsoak gailentzen diren leku batzuetan. Eta aldi berean indartuta ere bagaude, jaso dugun elkartasun eta laguntza guztiagatik, bai Gasteiztik, bai Euskal Herritik, bai beste lekuetatik. Jende pilo bat jarri da gurekin kontaktuan, eta asko etorri dira Errekara elkartasun hori gauzatzera, gorputza jartzera, zaintzak denon artean eraikitzera. Indartuta gaude, ikusi dugulako auzo bezala erantzuteko gai garela, are elkartuago gaudela.
Hasieratik salatu duzue fabrikako biztanleen prekarietatea, eta ez diezue erantzukizuna haiei leporatu.
Bai. Hori hasieratik argi eduki dugu, eta are argiago ikusita Ertzaintza haiek instrumentalizatzen aritu dela. Kontziente gara zer nolako errealitatea bizi duten, ia egunero Poliziaren bisita jasotzen dutela, identifikatzen dituztela, arbitrarioki miatzen dituztela, askotan pasaportea kentzeraino. Etengabeko jazarpen batean bizi dira, eta inork ez die inongo irtenbide duinik ematen. Horren aurrean, gainera, Maider Etxebarriaren proposamena da mehatxua egitea, botako dituela ahalik eta lasterren, Errekaleorri buruz esaten duen bezala. Horren jabe izanda ezinezkoa da gertutasun bat ez sentitzea, eta ez sentitzea lubaki berean gaudela. Pertsona zaurgarrien kasuan beti kriminalizaziora jotzen dute, segurtasunaren diskurtsora, hitz egin beharrean oinarrizko eskubide batzuk asetzeaz, eta onartzea pertsona batzuk prekarietate maila izugarrian dituztela.
Zurrunbilo honen erdian, asteburuan auzoko jaiak dituzue. Aurrera doa plana?
Bai. Olatu mediatiko honekin auzoaren itxura iluna zabaldu da, auzo oldarkor eta arriskutsua balitz bezala. Baina gure eguneroko jarduna eta errealitatea oso urrun dago hortik. Auzo koloretsua gara, eraikitzera bideratua, gauza piloa egiten dugu eta alai bizi gara hemen; eta justu asteburuan Errekaleorreko jaiak ospatuko ditugu. Duela bederatzi urte, hain justu, argia moztu ziguten data hauetan, eta orduan ere aurrera egin zen jaien programazioarekin. Oraingoan ere, oztopoak oztopo, aurrera goaz, eta denok zaudete gonbidatuta hurbiltzera.