Udalen eta kontzejuen babes zabala du makroproiektuen aurkako manifestazioak

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2026ko maiatzaren 20a

Manifestazioaren aurkezpena egin dute aste honetan. Argazkia: ARABA BIZIRIK

Arabako lurraren defentsaren aldeko plataforma ugari bildu dira mobilizazioaren inguruan. Salatu dute gizartearen beharrak asetzea baino enpresen errentagarritasuna bermatzea helburu dutela makroproiektuek.

Arabako dozenaka gizarte eragile eta 75etik gora udal eta administrazio batzar bildu dira Gasteizen larunbat honetan egingo den makroproiektuen kontrako manifestazioaren inguruan. Lurralde osoan zabaltzen ari diren mota askotako proiektuek "negozio hutsaren eta espekulazioaren logikari erantzuten diotela" salatu nahi dute, eta aldiz, gizartearen beharrak alde batera utzi dituztela.

Gogoratu dutenez, 18:00etan abiatuko da mobilizazioa Gasteizko Bilbo Plazatik, Makroproiekturik ez! lelopean.

Mota askotako proiektuak

Lurra eta lurraldearen baliabideak "pribatizatzeko" asmoarekin abian diren proiektuen zerrenda luzea aipatu dute manifestazioa deitu duten eragileek: Abiadura Handiko Trena, makrozentral eolikoak eta fotovoltaikoak, goi tentsioko  lineak, datu zentro erraldoiak, biometanizazioko makroplantak, zentro logistikoen eta industrialdeen zabalkuntza, harrobiak, dikeak eta aireportuaren zabalkuntza, edo errepide bidezko merkantzien garraioa areagotzeko proiektuak.

Lurraren aldeko mugimenduen esanetan, proiektu horiek guztiek "eskala handiko etekin ekonomikoa lehenestea" dute helburu, "landa eremuen eta ingurune naturalen suntsiketaren bidez".  Gainera, salatu dute gizartearen beharrak asetzea baino, "enpresen errentagarritasun handia eskaintzea" bilatzen dutela.

"Espekulatzeko eremua"

Erakunde publikoei eta bereziki Arabako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari egotzi diete Araba "espekulatzeko eremua" bihurtzea. EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialak (LPS) "finantza interesen" mende dagoen tresna dela berretsi dute. "Multinazional energetikoentzat alfonbra gorria jarriz eta landa eremuen industrializazioa bultzatuz, tokiko komunitateak kontuan hartu gabe".

Era berean, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) babestutako politikak zentsuratu dituzte, eta diru publikoko 80 milioi eurorekin inbertitzaile pribatuak "sakrifizio eremuetara" erakarri nahi izatea.

"Ez dago lehen tokian"

Manifestazioaren harira, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak esan du uste duela makroproiektuena ez dela Arabako "eztabaida politiko edo sozialaren lehen tokian dagoen gaia", eta alderdi batzuek eztabaidaren erdigunean jar dezaketela berriro, "hauteskundeak hurbiltzen direnean".

Bestalde, Gonzalezek azaldu du industrien eta etxebizitzen teilatuetan eguzki plakak jartzea beharrezkoa dela ikusten duela aldundiak, baina ez dela nahikoa lurraldearen energia beharrak asetzeko. Ahaldun nagusiak adierazi du Arabak sorkuntza berriztagarriko proiektu intentsiboak ere bultzatu beharko dituela industriaren deskarbonizazioan, mugikortasunean eta etxeko kontsumoan aurrera egiteko.

Gonzalezek adierazi duenez, "nahiago nuke Arabako teilatu guztiak eguzki plakaz beteko balira", baina ohartarazi du neurri horrek ez lukeela ahalbidetuko Arabako energia eskaera bere kabuz betetzea. Azaldu duenez, Araba Garapen Agentziak egindako ikerketa baten arabera, industrialdeetako teilatuak beteta ere, lurraldeak "oso urrun" jarraituko luke industriak behar duen kontsumoa estaltzen.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago