iritzia

Garaiak borroka eskatzen du

Haizea Garcia, Ernai Gasteizko militantea 2026ko maiatzaren 19a

Ernaiko kongresuaren irudi bat. Argazkia: ERNAI

"Ernaiko militanteok bi konpromiso nagusitan berretsi gara: Euskal Herriarekiko daukagun konpromisoan eta gazteekiko daukagun konpromisoan".

Garaiak borroka eskatzen du. Baieztapen honetara iristeko, Ernaiko militanteok galdera hauek egin dizkiogu gure buruari amaitu berri dugun kongresuan zehar. Zer nolako gazte antolakundea behar du bizi dugun momentu eta testuinguruak? Zer nolako Ernai behar dugu balore indibidualista eta liberalak gero eta errotuago dauden garaiotan? Zer eskaini behar dugu faxismoak eta espainolismoak indarra hartzen duten momentu honetan?

Urtebeteko hausnarketa prozesuaren ostean, ondorio ezberdinetara iritsi gara. Gure herriaren etorkizuna bermatua ez dagoen honetan, Ernaiko militanteok bi konpromiso nagusitan berretsi gara: Euskal Herriarekiko daukagun konpromisoan eta gazteekiko daukagun konpromisoan. Beraz, garai nahasi eta indibidualizatu hauetan, Ernaik proiektu kolektibo eta integral bat eskaintzen dio gazteriari: Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna.

Ernai gazteria antolatzeko espazio bezala ulertzen dugu, nazio auzia erdigunean jarri eta gazteriaren behar eta kezkak politizatu eta nazio askapen mugimenduan txertatuko dituena. Gazteok Euskal Herriaren askapen prozesuaren baitan paper garrantzitsua jokatzen dugu, hau da, gazteok gizartea eraldatzeko gaitasuna duelaren ideian berresten gara. Hortaz, eraldaketa politikorako bidean edonolako ekarpena egin nahi duen gazteentzat etxea eta eskola da Ernai. Hau horrela, gazteriari espazio anitzak eskaini nahi dizkiogu antolakundearen barruan, modu ezberdinetan eta eremu ezberdinetatik ekarpena egiteko aukera emanez.

Gazteok, dugun erantzukizunetik, azken urteetan garatzen joan den prekarietate, gerra, eta faxismoaren indartze betean, eraldaketa politikorako baldintzak ahalik eta hobekien baliatu behar ditugu. Izan ere, Euskal Herrian ez gaude salbu, eta askotan esan dugun moduan gurean ere eragina du erreakzio patriarkal, arrazista eta espainolistak. Gazte independentistok honen aurrean egin dezakegun ekarpen handiena Euskal Herritik eragitea da, proiektu emantzipatzaileak sustatzea eta herrien burujabetza aldarrikatzea.

Garaiak borroka eskatzen du. Euskal Herriaren askapen prozesua muturreraino eramateko, bidea guztiok batera egitea ezinbestekoa da, asko direlako aurrean ditugun erronkak, baina indarrak eta baldintzak soberan ditugu erronka horiek gainditu eta garaipena gure egiteko. Beraz, dei egiten diogu gazteriari borrokara batzeko.

Gora Euskal Herria askatuta!

Haizea Garcia, Ernai Gasteizko militantea.

 

Iritzi artikulu hau argitaratzean, ALEAk ez ditu bere gain hartzen egileak adierazitako iritziak, ezta horiekin lotutako erantzukizunak. Zure iritzia bidali nahi baduzu, idatzi erredakzioa@alea.eus helbide elektronikora.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago