Goyaren grabatu serie handiak bildu ditu Arabako Arte Ederren Museoak

Anakoz Amenabar 2026ko maiatzaren 19a

'Desastres de la guerra' serieko 'Murió la verdad' grabatua.

Erakusketak pintorearen 211 grabatu ezagunenak biltzen ditu.

Arabako Arte Ederren Museoak Fantasia eta arrazoia erakusketa inauguratu du, 2027ko otsailera arte ikusi ahal izango dena. Erakusketak lehen aldiz biltzen ditu Francisco de Goyaren (1746-1828) lau estanpa serie nagusiak: Caprichos, Desastres de la guerra, Tauromaquia eta Disparates. Bilduma hau Juan Zelaia enpresariak aldundiarekin zituen zerga zorrak kitatzeko 2022an emandako ordainketari esker iritsi zen museora, eta dokumentazio, katalogazio zein zaharberritze lanaren ondoren aurkeztu dute.

Erakusketak artistaren ikuspegi osoa eta haren grabatu teknikaren garapena erakusten du; akuafortea, urtinta eta punta lehorra nola uztartu zituen argi ikusten da pantaila desberdinetan. Gainera, bildutako lan gehienak lehen ediziokoak dira, Tauromaquia izan ezik, azken hau bigarren ediziokoa baita. 

Serie bakoitzak gizartearen eta giza izaeraren alderdi desberdinak islatzen ditu, Goyaren begirada zorrotzaren bidez, Sara Gonzalez de Aspuru museoko arduradunak azaldu duenez. Caprichos (1799) bildumak ezjakintasuna, superstizioak eta estamentu boteretsuen nagusikeria kritikatzen ditu; Desastres de la guerra (1810-1815) serieak, berriz, Independentzia Gerrako indarkeria gordina eta heriotza ditu ardatz. Bestalde, Tauromaquia (1816) lanak zezenketen berezko indarkeria nabarmentzen du bere teknika finarekin, eta, azkenik, Disparates (1815-1824) serieak margolariaren azken etapako sormen askatasun eta anbiguotasun handia islatzen du, giza jokabideari buruzko gogoeta eginez.

Aurkezpenean azpimarratu dutenez, estanpa hauek bere garaiko mugak gainditu eta gaur egungo sentsibilitatera hurbiltzen gaituzte. "Haren begirada kritiko, independente eta sakonki gizatiarrak gogoeta eta inspirazio iturri izaten jarraitzen du sortzaileentzat eta publiko garaikidearentzat", adierazi du Ana del Val Kultura diputatuak.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago