⛅ EGURALDIA

Tenperaturek gorantz jarraituko dute

Juanma Gallego 2026ko maiatzaren 18a

Argazkia: JUANMA GALLEGO / ALEA

Gaurkoz ostarteak izango ditugu, baina bihar erabat garbituko du.

Lanbro eta lainoak espero dira astearte honen hasieran. Gainerakoan, egun osoan zerua tarteka hodeitsu egongo da. Haizeak osagaia aldatuko du goizetik arratsaldera: hegotik egingo du hasieran, baina, ondoren, ipar osagaian kokatuko da. Gehiago berotuko du, Gasteizen 9 eta 23 gradu arteko tenperaturak izango dituztelako.

Asteazkenean, beste behin, laino eta lanbroekin hasiko da eguna, baina, oraingoan, bestelako agertokia marraztuko da zeruan, giro eguzkitsuarekin. Egongo diren hodei bakarrak goi mailetan kokatuta egongo dira. Norabide aldakorreko haizea izango dugu, baina arratsaldean ipar osagaian finkatuko dela diote honetaz dakitenek. Tenperaturek gorazko joeran segituko dute, eguneko tartea 11 eta 25 gradu artean kokatuz.  

Bidali eguraldiari buruzko zure argazkiak erredakzioa@alea.eus helbidera.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago