Euskal Herria euskalduntzeko pausoak ezbaian

Erredakzioa 2026ko maiatzaren 19a

Euskarazko umore ikuskizuna Araian. Argazkia: ALEA.

Laneko euskara eskakizunetatik abiatuta, Euskal Herria euskalduntzeko trantsizio ereduen inguruko eztabaidan murgilduko gara maiatzaren 26an. Solasaldia antolatu du ALEAk, Izaskun Arrue Kulturgunean, 19:00etan, gaian adituak diren hiru hizlarirekin.

Euskararen inguruan sentsazio kontrajarriak daude Euskal Herriko zenbait txokotan. Batetik, pairatzen jarraitzen dugu euskaldun komunitateari egindako zaurien ondorioak, urrun gaude hizkuntza normalizatu bat izatetik. Eta aldi berean, batzuek sentsazioa dute euskaldunok gehiegi eskatzen ari garela, eta erdaldunak baztertzen.

Zenbateko erantzukizun konpartitua dugu lur hauetako biztanle guztiok? Zer da gehiegi eskatzea? Nola lortu euskaldunok eta euskarak merezi dugun justizia, bidean errespetuz jokatuta biztanle guztien bestelako lehentasunekin eta arazoekin? Zergatik ez da doakoa oraindik euskara ikastea?

Gai hauen bueltan aritzeko asmoz solasaldia antolatu du ALEAk maiatzaren 26rako, 19:00etan Izaskun Arrue Kulturgunean, euskara arloan adituak diren hiru hizlarirekin.

Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskara zerbitzuburu ohia.
Agurne Gaubeka, Hizkuntz Eskubideen Behatokiko zuzendaria.
Pello Igeregi, abokatua, ELA sindikatuko Euskara arduraduna.

Euskararen normalizazio bidean eman beharreko urratsei buruz hausnartzeko aukera izango dugu bertan.

Euskaltzaleon Martxari babesa

Euskalgintzaren Kontseilua osatzen duten eragileek mobilizazio jendetsua deitu dute ekainaren 13an Iruñean, Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean. Euskaltzaleok lehen lerrora pasatzeko aldarriarekin, Iruñeko kaleak  betetzeko deia zabaldu dute.

Ekimen hau babestu asmoz Gasteizko euskalgintzak agerraldia eta argazki masiboa prestatu ditu ekainaren 4rako. 18:30ean izango da topagunea, arabar hiriburuko Foru plazan.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago